argia.eus
INPRIMATU
Artikoan izotz gutxiago eta bero handiagoa
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko urtarrilaren 11
Amerikako Geofisikaren Batasunak egin berri duen biltzarrean berretsi egin da eredu klimatikoek orain arte Artikoari buruz adierazitakoa, hau da, gero eta izotz gutxiago eta gero eta bero handiagoa daudela.

Izotz gutxiago izatea gertaera ezaguna genuen, baina hori larria izanik are larriagoa da ondoko hau: izotzak eguzki izpiak islatzen ditu eta, nolabait esatearren, ingurua berotzea eragozten du, baina Artikoan izotza gutxitu ahala, itsasoak hartu du haren lekua. Itsasoa berotu egiten da eguzkiaren eraginez –hiru eta bost gradu bitartean, zientzialarien arabera–, eta horrek itsas azpian pilatuta dagoen metanoa askatzea eragiten du. Ez dugu ahaztu behar metanoak izugarrizko eragina duela berotegi efektuan.

Sateliteek emandako irudien arabera, 2007an aurreko urteetan baino izotz gehiago urtu da. 2008ko datuak ez ditugu esku artean, baina joera hori aldatzea ez da erraza izango.