Gabon hauetan zinemara joan zara seme-alabekin edo ilobekin? Marrazki bizidunetako pertsonaia, animalia eta panpina hizlariak xarmangarriak eta xaloak iruditu zaizkizula?... Bai zera! Ez dakizu lerro artean irakurtzen –edo fotograma artean behatzen–.
Dagoeneko makina bat azterketa egin dituzte haurrei zuzendutako pelikuletan jorratzen diren estereotipo antzu, matxista, zaharkitu edota mendebaldarren inguruan. Eta pentsamendu kritikoa oraindik ondo garatuta ez dagoen adinetan, umeek erraz barneratzen dituzte halako estereotipoak.
Fotograma artean irakurtzea gustuko duen jendea badago, ordea. Marcela Croce literatura irakasle argentinarrak El cine infantil de Hollywood argitaratu berri du eta Hollywoodeko haurrentzako zinemak Amerikako Estatu Batuen atzerri politikarekin duen lotura aztertu du. Duela hamabost urte Bush aitak bultzaturiko Golkoko Gudarekin hasi eta Bush semeak abiatutako Irakeko inbasioan amaitu du ikerketa, zinema une horretan atzerri politika estatubatuarraren “propaganda garbia” bihurtzen dela ondorioztatuz.
Liburuan ageri diren hainbat adibide: Aladdin (1992) filman arabiar mundua “ezaugarri negatiboz saturatuta” ageri dela dio Crocek; Anastasia (1997) pelikulak Guda Hotzaren garaiak gogorarazten dituela, komunismoa Rasputinen madarikazioa bailitzan; eta Mulan (1998) –Txinarekin merkataritza hitzarmen bat testuinguru izanik– Inperio garaiko Txinan dago kokatua, komunismoarekin edozein lotura saihestuz.
Kultura desberdinen irudi desitxuratu horien aurrean, haurrarekin hitz egitea eta informazio egokia helaraztea gomendatzen du Crocek. Interesgarria litzateke Hollywoodek AEBetako bizimoduari buruz haurrei eskaintzen dien irudia ere aztertzea. Hor bai lanak ikuspegi idealizatuz lobotomizaturiko haur gaixoak desintoxikatzen!