2008an, gutxienez 106 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian. 1999-2009 hamarkadan 1.300 langilek galdu dute bizia. 6.600 langile baino gehiago larri zauritu ziren epe horretan. Milaka hamarreko arin zauritu ziren. Ehunka langile berriz, amiantoak duela urteak eragindako gaixotasunen ondorioz ari dira hiltzen. Minbizia sortzen duten materialak erabiltzeak, prekarietateak, segurtasun eta prebentzio neurri gabeziek, formazio eta esperientzia gabeziek, ordutegi akigarriek... horiek eta beste batzuek eragiten dituzte lan istripuak. Hil diren langile horiekiko ardurez gutxi jakin dugu, alegia, patronalez, langileez, administrazioez eta justiziaz. Patronalaren eta sindikatuen edo langileen arteko kalte-ordain hitzartuengatik behin baino gehiagotan ardura judizial eta penalak albo batera utzi dira. Aurreko hamarkadetakoa bezala, oraingoa ere balantze tragikoa eta mingarria da.
Tragikoa eta mingarria da, era berean, ohartzea azken hamarkadan inoiz ez ditugula ikusi pankarta aldarrikatzaileen atzean Administrazioa, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuak eta politikariak (salbuespen urriak salbu), ezta 1.300 langileen hileta ekitaldi erlijioso zein zibiletan ere. Atentatu politikoek eragindako hildako bakoitzagatik egindako bilkura, manifestazio eta hileta elizkizunetan bai, horietan beti ikusi ditugu. Heriotzentzat, baita bizitzarentzat, neurgailu diferentea darabilte, hipokrita eta farisearra. Nork eta politikariek, bizitza eskubidea aldarrikatzen duten horiek! Langileek nonbait ez dute eskubide bera!