argia.eus
INPRIMATU
Yasar Eroglu, erredakzio burua
Yasar Eroglu: «Kazetariak ez ezik, hiritar oro dago arriskuan»
Karlos Zurutuza @karloszurutuza 2021eko uztailaren 12a
Borja Portuondo
Welat egunkariko sortzaileetakoa eta egun erredakzio burua da Yasar Eroglu. Kurduerazko egunkari bakarra argitaratzearen erronkaz mintzo da.


Zein izan da zuen egunkariaren ibilbidea?


Welatekin duela 16 urte hasi ginen. Geroxeago Ankarak debekatu zuen PKK taldearekiko ustezko loturagatik eta Welat Eme sortu genuen. Berriro ere itxi eta Azadiye Welat atera genuen. Gero Denge Welat, Welat, eta orain Azadiya Welat gara berriz ere. Astekaria izan zen 14 urtez eta 2006an egunkari bilakatu zen. Zailtasunak zailtasun, gure helburuari eusten diogu: gure herriari informazio zuzena eskaintzea, eta bere hizkuntzan.


Nondik dator finantziazioa?


Proiektua salmentekin sustengatzen da, ez baitugu turkierazko egunkariek jasotzen duten Gobernuaren diru-laguntzarik jasotzen, jakina. Aldian behin iragarkiren bat argitaratu ohi dugu baina Newroz bezalako data seinalatuetan soilik. Izan ere, gure publizitate arduradunak zelataka du polizia beti. Denda batean sartu bezain laster, polizia sartuko da atzetik saltzaileari guri edozein babes ematearen “arriskuez” jakinarazteko. Oso zaila da iragarkiak ateratzea.


Baina ez omen da hori zuen arazorik handiena…


Hasi ginenetik 30 langile erail dituzte eta atxiloketak ohikoak dira. Bi kazetari preso dauzkagu oraintxe, eta egunkaria banatzen duen konpainia ere mehatxatuta dago. Denok dakigu lanbide arriskutsua dela gurea.


Tortura atxiloketen osagarri al da?


Hasieran harrapatzen zuten oro torturatzen zuten, legebiltzarkideak barne. Baina Emine Demir gure zuzendaria atxilotu zutenean ez zuten torturatu, jakin baitzekiten detaile osoz kontatuko zuela kalera bueltatzean. Orain ez gaituzte torturatzen, herriari sinestarazteko turkiar espetxeetan ez dela halakorik egiten.


Preso kurduek zuen egunkaria jasotzeko modurik ba al dute?


Egunkariak debekatuta daude turkiar espetxeetan. Guardiak sobornatzea da eskuratzeko modu bakarra.

Ergenekonen –gerra zikinaz arduratzen den sare politiko-militar klandestinoa– itzala ikusten al duzu zuen jendeak jasandako atentatuetan?


1996an Mehmet Agadek auto istripua izan zuen. Mussa Anterrek eta Hussein Denizek ere istripuak izan zituzten, baina ez zen inoiz ikertu. Bi kasu hauek eta beste batzuk Ergenekoni burutzen ari den epaiketan atera dira. Familiek ikertzea eskatu dute, baina Gobernuak ez du inolaz ere halakorik bideratu.

Beldur al zara?


Duela gutxi bonba batek eztanda egin zuen Diyarbakirreko parke batean. Sei hilabeteko ume bat hil zen. Hiri honetan jende asko hiltzen da oso era ilunean eta inoiz ez da guztiz ikertzen. Horrekin zera esan nahi dut, kazetariak ez ezik, hiritar oro dagoela arriskuan hemen.