argia.eus
INPRIMATU
Lau etakideen hautua, Tasio Erkiziaren hausnarketa deia
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
ETA

ETAn sartzen direla publikoki eta argazki eta guzti iragartzen duten lau pertsonek eragin handia lortu dute ekimenarekin. Besterik da zer oihartzunik eman zaion. Hamar kideren izenean egin zuten lauek, baina berria moldean dago, ez kopuruan, ez arrazoietan, ezinbestean urtero dozenaka pertsona sartu behar baitira ETAn, gero diren etakide atxilotuen kopuruak kontuan hartzen badira. Dagoeneko izango dira lauzpabost urte ETAk bere komunikazio moldeez hausnarketa egiten zuela Zutabe batean eta orduan bere jarduerari beste haizatze molde bat eman behar ziola iragartzen zuen. Aritxulegin etakide armatuek jendearen aurrean egindako agerpena ere molde horretakoa zen.

ETA duela 50 urte sortu zela gogorarazten dute eta duela 30 euskal herritarrek ezezkoa eman ziotela Espainiako Konstituzioari, eta funtsean harrez gero borroka armatuarekin jarraitzeko arrazoiek berean dirautela. Gazte askok ez dute ilegalizazio eta espetxe zigorren neurrien gogortze beharrik izan, baina azken urteotako gogortzen neurriak, uxatze baino akuilu dira, eta hor arrazoi dute lau hauek, ETAkoak izan gabe ere etakidetzat jo dituztelako orain arte. Kutxazain automatiko bat erretzeagatik 10 urteko espetxe zigorra jaso badezake batek, ETAra jauzia emateko bultzada oso agerikoa da.

Ez dakit nola uztartuko den argazkiko lau etakide berrien iragarpena Tasio Erkiziak Jose Miguel Beñaran Argala-ren hilketaren 30. urteurreneko omenaldian esandakoarekin, ezker abertzaleak "erresistentziatik eraikuntzara" jo behar duela. Eta bideari erreferentzia eginez: "Estatuari minik handiena egingo dion bidea hautatzeko" hausnarketa egin beharra azpimarratu zuen. Ez dirudi HBko buruzagi historikoa bide armatuaz ari zenik.

Ez da lehen aldia ezker abertzalean, negoziazio saioek porrot egin dutenean eraikuntzaren eskema azaleratzearena, Lizarra-Garaziko garaiaren ondoren, adibidez, antzekoa gertatu zen. Badirudi, hala ere, Tasio Erkiziaren berbek badutela zer ikusirik azken boladan Rafa Diezek eta Arnaldo Otegik indar metaketei buruz egin dituzten hainbat hausnarketekin. ARGIAn urrian egindako elkarrizketan Erkiziak onartu zuen ezker abertzalea autokritika egiten ari dela, baina barne mailan, egoerak ez duelako beste aukerarik ematen. Ez zaio arrazoirik falta Erkiziari, baina topatu behar dira moldeak gizarteari eztabaiden nondik norakoak helarazteko, beste hainbestetan legez, funtsa erabat desitxuraturik agertzen denean, gero alperrik da esatea komunikazioan huts egin zela.

DEMOEK bitartean, borroka armatuari buruzko eztabaida bultzatu nahi dute eta, besteak beste, bazkaria antolatu dute Mugerren. Bertan, esandako hausnarketa egiteaz gain, borroka armatua bertan behera utzi beharrari buruz iritzia agertu duten lau presori sostengua emango zaie -Jose Luis Alvarez Santacristina, Txelis, Kepa Pikabea, Carmen Gisasola eta Joseba Urrosolo Sistiaga- eta euren iritzia irainduak izan gabe emateko duten eskubidea aldarrikatuko da.