Musika? Hutsa, mesedez

  • Lotsa apur bat ematen du ezezagun batzuen aldamenean jesarri eta beste barik, disko bat entzuten hasteak. Beharbada ezohikoa delako; zinearekin gauza bera egiteko eskarmentua dugu, baina musikarekin... Eskerrak kafea ematen duten, bestela, zertan erabili eskuak?
Kafea eta galletak
Leire Lopez ibarrangeluarrak (Bizkaia) bat-batean egindako kalkulu baten arabera, tabernetan sortzen diren ideien %5 besterik ez dira ekintza bilakatzen. Hain justu, kupo estu horretan sartu den ideia baten sortzaileetakoa da Lopez, kalkulu bitxi egilea ez ezik. Berari eta Gernikako Gazte Asanbladako beste kide biri zor zaie Kafea eta galletak ekimena abian jartzea.

Musika entzuteko eta musikaz hitz egiteko tartea, horixe besterik ez da Kafea eta galletak. Zine-klubak bezala, baina disko batekin. Asmoa aspalditik zebilkien gogoan, eta akaso, tabernetako barra ondoan zeudela, hizpide bihurtzen zitzaien maiz, baina iaz arte ez zuten gauzatzeko adorerik batu. AMM (Auskal Muturreko Musika) jardunaldietan egindako eztabaida bat izan zen behar zuten txinparta. “Behin, kontzertu batean, musikari esperimental batek play botoia sakatu eta eszenatokitik ospa egin zuen”, dio Lopezek, “eta horretaz egin genuen eztabaida: ea hori kontzertua zen ala ez”. Hark pentsarazi egin zien, eta aspaldiko asmoak indar berriz itzuli ziren. “Zuzenekoa gustuko dugu, baina kontzertuetan, askotan, musika ez diren beste gauza batzuengana joaten da arreta”. Ikuskizunak entzunkizunak baino garrantzi handiagoa hartzen duela, alegia. Protagonismo guztia musikari emango zion zerbait antolatu beharra zegoen.

Gernikako Gaztetxean gela egokia atondu zuten, eta aurrera. Kontua erraza da: hileroko lehenengo zapatuan elkartu, arratsaldeko bostetan. Ordu horri dagokion legez, kafea banatu eta aukeratutako diskoa ipini. Galletak ere badaude noski: jatekoak batetik, diskoa bera bestetik. Eta entzun ondoren, hartaz hitz egitea tokatzen da. Leirek lasaitu egin gaitu: ez da sona handiko aditua izan behar, ezta sona txikikoa ere.

Hau argitaratu orduko hirugarren sesioa egitear egon behar lukete, ondo bidean. Lehenbizikoak, azaroaren 1ean, hamasei entzule bildu zituen, hasieran lotsatu samar, kroniken arabera. “Ez dut uste disko bat entzutera askoz jende gehiago etorriko denik –iritzi dio Lopezek–, hau nahiko freaky da”. Ezohikoa, baina ez guztiz berria: 70eko eta 80ko hamarkadetan halakoak egiten omen ziren.

Lehen emanaldirako hautatu zuten diskoa ez da askoz geroagokoa: Slint taldearen Spiderland (1991). Post-rock. Entzuleetako asko umeak ziren artean. Hala ere, ohartarazi dute, Kafea eta galletak ez da iragan-mina gozatzeko ariketa izango. Estilo eta garai guztiak onartuko dituzte, baldintza bakar batekin: diskoek bost urte izan behar dute gutxienez, “denboraren higadura gainditu duten seinale”, Lopezek dixit. Emanaldi bakoitzean pertsona edo talde batek proposatzen du zer disko entzun. Ordainean, haren gaineko testu laburra idazteko eskatzen zaio, joaten direnei banatzeko. Ez dadila inor biluzik joan entzunaldira.

Hasierako planteamendua sano bakuna zela esan dugu, baina bigarren sesioa egin orduko –Neil Young-en Tonight´s the night entzun zuten– urrats bat harago eginda zeuden. Estreinakoan, estreinakoa izateagatik, kontzertua antolatu zuten Xabier Montoiarekin; hain izan zen arrakastatsua, entzunaldi guztien ostean egitea erabaki baitzuten. Eta gainera, kontzertuak nolabaiteko lotura eduki behar du aurrez entzundako diskoarekin. Hori zelan lortuko duten hilabeterik hilabete jakingo da. Bertara joatea onena. Argibide gehiago nahi duenak, bila dezala hemen: www.blogari.net/kafea.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude