«Egungo egunkariek ez dute xarmarik»

  • Sagardoa edanda abertzale sentitzen omen da bat. Ardoa edanda, ezkertiar. Ginebrarekin, marxista. Hala kontatu digu, eta zerbeza eskatu dio zerbitzariari.
Joxean Agirre
Dani Blanco

Soziologo, kazetari ala idazle begiradarekin egiten diozu aurre errealitateari?


Egunean 7-8 ordu egiten ditut kazetari, eta lanean horretara nago. Berez izaera pasiboa dut, kontenplaziozkoa, baina gustatu egiten zait nire lana. Gaiak bilatzeak motibatzen nau gehien. Gaiak aukeratu eta titularrak jarri, horixe egingo nuke pozik. Eta bizpahiru hitzeko titularrak izan behar dute, gehienez. Gaur egungo egunkariek ez daukate inongo xarmarik, informatiboak dira erabat. Baina lanetik kanpo, gero eta gehiago daukat idazlearen begirada: gauza guztiei bueltaka jarraitzen dut. Desiratzen nago berriro irakurtzen eta gauza txikiak idazten hasteko, berriro bide bat topatzeko.


Kazetaria zara bokazioz?


Izan nintzen. Nik lehen izugarri sinesten nuen kazetaritzan, profesioa intentsitate handiarekin bizi nuen. Elkarrizketa baten bidez pertsona bat ezagutu zitekeela ere pentsatzen nuen, bere barruan sartu nintekeela. Pasio horrekin gauzak hobeto egiten dira, baina gero konturatu nintzen ez zidatela hori eskatzen: orriak betetzea eskatzen zidaten, azkar egitea... Kazetaritzan aspaldi bukatu ziren exijentziak.


Nola sentitzen da kazetari elkarrizketatua?


Elkarrizketei erantzutea baino gehiago, etengabe gauza berak kontatzen aritzea egiten zait gogorra, eta horrek sortzen duen deserosotasuna. Nik gaztetan inoiz ez nuen gauza bera bi aldiz kontatzen, eta zerbait errepikatzen ari nintzela ohartzen nintzenean, moztu egiten nuen. Gero ikasi dut kontatu daitekeela gauza bat mila aldiz, eta ezinezkoa dela errepikapenari ihes egitea. Gainera, idazle profesionalek baliabideak dauzkate obra idatzi ondoren literaturari buruz hitz egiteko, eta beren obra epaitzeko bagaje handiagoa dute. Ni formaziorik gabeko idazlea naiz: ez ditut klasikoak kontrolatzen, literaturari buruzko teoria oso gutxi irakurtzen dut, ipuinak gustatzen zaizkit, ez ditut idazleen biografiak irakurtzen... Izugarrizko hutsunea sumatzen dut, eta izua ematen didate elkarrizketek, grazioso samar gelditzeko nire maniak, gabeziak eta horrelakoak kontatu beste erremediorik ez baitut izaten.

Formaziorik ez duzula diozu, baina, era berean, estiloa ondo finduta daukazu.


Oso maniatikoa naiz hitzekin. Badut zerrenda bat inoiz erabiltzen ez ditudanekin; “e” hizkiarekin hasten direnak aipatzearren: ekidin, eskuarki, esleitu... Kazetaritzan ez ditut erabiltzen; eta are gutxiago literaturan. Baina ez da lexikoa bakarrik, ez dut uste literatura ona egiteko euskara jasoa erabili behar denik, horretan oso Saizarbitoriarena naiz, beste gauza gehienetan bezala. Esaldika-esaldika idazten dut. Urregile batek lan egiten duen moduan. Langa jartzen dut, eta badakit hortik behera txarra dela eta hortik gora ona. Muga horri eusten saiatzen naiz.


Idazketa prozesua gozamena da zuretzat?


Nobela honekin izugarri samurra egin zait, gozatu egin dut. Tarteka bakarrik idatzi dut. Brikolaje lanaren antzekoa izan da: asteburutan, tarteko orduetan... Ordu erditxo bat nuen bakoitzean ordenagailu txikia hartu eta begira egoten nintzen. Batzuetan ez nuen idazten, baina oso atsegina egin zait hitz bat kendu, beste bat jarri ibiltzea. Etengabe bisitatuz idatzi dudan nobela izan da. Ezkutuan nuen gauza bat bisitatuz bezala. Pena eman zidan bukatzeak eta pertsonaiei agur esan beharrak.

Protagonista gizon arrunta eta ordezkagarria da erabat: emakumeek euren senarrarekin eta haurrek beren aitarekin nahasten dute.


Literaturan ohikoa da doblearen, golemaren gaia, aurreko nobelan erabili nuen istorioa... Protagonistak bere doblea edo ordezkoa sortzen du. Hemen alderantzizkoa da, eta uste dut polita dela. Protagonistak ordezkorik sortu gabe, jendeak beste norbaitekin nahasten du. Alderantzizko prozesua da. Narratzailea hain da arrunta, hain gizajoa, hain ordezkagarria, beste edozeinekin nahasten baitute. Nahasketa-istorio horiek dira nobelaren ardatza. Protagonista taxian sartzen da eta alboan emakume bat esertzen zaio, bere kontra estutzen da eta burua sorbaldan jartzen dio. Hala egingo dute bidaia, eta zerbeza bana ere hartuko dute, baina emakumea handik bi ordutara ohartuko da senarra beste batekin nahastu duela. Gustatu egiten zaizkit istorio horiek. Problema da ez dakidala zer esan nahi duten. Denok antzekoak garela adieraz dezakete, eta berezi eta diferente garen ustea gezur hutsa dela.


Baina hala ere munduko pertsona berezienarekin maitemintzen gara beti...


Maitemintzen garenean, bestearengan ikusten ditugun gauza batzuk ez dira errealak, eta errealak izanda ere, puztuta, handituta ikusten ditugu. Norbait gurekin enamoratzen denean ere sentimendu hori izaten dugu: ez dela gurekin maitemindu, beste norbaitekin baizik. Eta orduan ez dugu jakiten beste norbait hori geure baitan ala kanpoan dagoen. Halako zalantza bat sortzen zaigu, eta ordezkatuak izateko beldurra. Nik uste dut maitasun istorio gehienak gaizkiulertuetan oinarritzen direla.

Zer ondorio du gugan ordezkagarri sentitzeak?


Ni oso lasai sentitzen naiz ordezkagarria naizela jakinda. Nobela honetan harreman sexualetan emakumeek daramate iniziatiba. Badago halako konplizitate bat bi emakumeen artean, nahiko sinesgarria dena: senargaiak trukatzeko tratua egiten dute, eta bi gizonezkoen jarrera guztiz da pasiboa, tokatu egiten zaizkie emakumeak. Eta nik uste dut horrelakoak garela gaurko gizonak. Joan ziren Don Juanen garaia, konkistak eta pasio izugarriak. Dena askoz ere kasualagoa dela uste dut. Gainera, gizon gehienak identifikatzen dira pertsonaia gizajo samar horrekin.


Askotan sentitu duzu beste norbait izateko desioa?


Uste dut mundu guztiak sentitzen duela, gaitza baita pentsatzea bizitza bakarra daukagula eta egin duguna egitea tokatu zaigula, horixe bakarrik, ez zela posible beste ezer izatea. Denok bizi nahi dugu beste norbaiten larruan eta beste leku batean, eta ezinezkoa denez gero, izugarri polita da aukera horiek imajinatu ahal izatea. Ni hau izan banintz, esan banio, balego, balit... Horixe da literaturak ematen duen askatasun bakarra: existentzia posibleak imajinatzea.


Pertsonaiekin hitz egiteko ohiturarik baduzu?


Neure buruarekin hitz egiten dut. Inguruan inkesta bat egin nuen, eta jende dezente aurkitu nuen nire mania bera duena: goizean jaiki eta, irratia piztu beharrean, gure baitan dabilen ahotsari jarraitzen diogu. Gaurkotasunak, kanpoko ahotsek, zaratak, zabor horrek kalte egiten du: bakea behar da pentsatzeko. Dena den, ahotsari buruz ari naizela, badirudi zerbait patologikoa dela, edo gauetan ahotsak entzuten ditudala, eta ez, norbere baitara bueltatuta bizitzetik sortzen den ahotsa da. Eta dibertigarria da, eta batzuetan barre txikiak egiten dituzu, eta okurrentea eta graziosoa da batzuetan, eta beste batzuetan tristeagoa. Ahots hori erabili dut, pixka bat finduta eta txukunduta, narratzailearen ahotsa osatzeko.


Ahots hori bakarra da ala ahots desberdinak izan daitezke egunaren arabera?


Nirea bakarra da. Narratzailearekin erabili dudana bakarra da: kotxean jarraitzen nion, goizetan, bazkalondoan lanera joan aurretik ordu erditxo bat... Ez du zerikusirik kontzientziaren korrontearekin, Joice-en edo Svevoren gauza freudiar horiekin. Arinagoa da, eta denok daukagu ahots hori. Diferentzia da idazleak baliatu egiten duela pertsonaia baten ahots bihurtzeko. Eta gainerako ahotsak ahots horren kontraste gisa egiten dira. Nire kasuan, narratzailearen ahotsa da nirea, eta Garibaldiren ahotsa kontrako ahots modura sortu dut.



Gero eta okerrago moldatzen omen zara Garibaldi bezalako gizonekin.


Garibaldi nortasun handikoa da, irizpide sendokoa. Nik miresten ditut pieza bateko pertsonak, berrogei urte pasa eta berdin pentsatzen jarraitzen dutenak, borrokari eusteko kapaz direnak. Uste dut gauza batzuk aldatzeko horrelako jendea behar dela, baina, aldi berean, gero eta urrunago edo arrotzago sentitzen ditut. Ni ez naiz horrelakoa: telebistako eztabaida-saioetan batek zerbait esaten du eta konbentzitu egiten nau; beste batek kontrakoa esan, eta hark ere konbentzitu egiten nau...


Zure eleberrietan emakumeekiko deboziozko begirada egotzi izan zaizu, eta voyeurismo modukoa dela azaldu izan duzu zuk. Nola begiratzen diezu, ba, emakumeei?


Haurren voyeurismoa da. Umetan askotan begiratzen da zirriztuetatik. Helduen munduari oso behetik begiratzen diogu, zirrikituetatik, kanpotik... Nik uste, gizonen emakumeenganako begirada horrelakoa dela. David de Jorje sukaldariak elkarrizketa batean esaten zuen benetako plazerak debaldekoak direla: hanka-hutsik belarraren gainean ibiltzea, emakume bat pasatzen denean atzetik begira gelditzea... Polita iruditu zitzaidan, eta nobelan begirada hori dago. Puztuta eta pixka bat sofistikatuta, ertzera eramanda dago nobela honetan, maskulinitatea nabarmendu behar bainuen adin batetik aurrera gizonezkook ditugun arazoak agertzeko.

Baina emakume guztiak takoien gainean dabiltza, balantzaka, gerritik heltzeko gogoa ematen dute... Zergatik dira hain hauskorrak?


Ez dakit, denok dauzkagu gure fetitxismoak, eta ez daude legez zigortuta, ez? Nobela bi gizonezkori buruzkoa da eta horien ondoan, onartzen dut, bi emakumeak eskasak geratzen direla pertsonaia bezala. Gizonak dira protagonistak, eta emakumeenganako begirada hori, haien gainean egindako gogoeta guztiak, gizontasuna indartzeko eginak dira. Protagonistek oso gizonak izan behar zuten, eta kontrapisuan ahul geratu zaizkit emakumeak.


Gizonezkoen gainbehera fisikoa eta sexuala da liburuaren gai nagusia. Zahartzaroak ezustean harrapatzen gaitu?


Ez. Badago lege misteriotsu bat poliki-poliki iragarpenak bidaltzen dizkiguna. Gazte bati gainbehera sexuala aipatzen badiozu tragedia irudituko zaio, baina urteekin onartu egiten da eta ez du angustiarik sortzen. 19 urteko alabak liburua irakurri zuenean “ez nuen uste buruan gauza horiek zenituenik”, esan zidan. Gazte baten ikuspegitik oso zaila da zahartzaroa ulertzea.


Eta zahartzarotik gaztaroa?


Gazteek helduen ereduak behar dituzte, baina uste dut ahaztu egiten zaigula zaharrek ere behar dituztela gazteen ereduak. Gazte literaturan nerabeei helduen ereduak proposatzen zaizkie etengabe, baina, alderantziz, pentsatzen dugu zaharrek ez dutela ereduen beharrik, baina izugarri inportantea dela iruditzen zait, zahartzen hasten garenean, gazteen eredua izatea. Bata bestea bezain garrantzitsua da eta, normalean, gazteekiko harreman hori seme-alabekin baino ez da posible izaten. Polita litzateke 70 urterekin unibertsitateko irakasle izatea, gazteekin eztabaidatzeko eta haien freskotasuna xurgatzeko. Nobela honek daukan akats handienetarikoa emakumeak oso gazteak direla da, eta ez dela sinesgarria 60 urteko bi tipo hain emakume gazteekin ibiltzea. Baina kontraste hori komeni zitzaidan, gizon helduen arazoak nabarmentzeko. Baina bestela, ze enkantu topatuko diete, ba, neska gazte horiek 60 urteko gizonei?

Simone De Beauvoirrek 40 urte zituela zahartzaroa ikusi omen zuen ispiluaren sakonean, bere zain. Zu ere zure zahartzaroa ikusteko gai zara?


Liburuaren aurkezpenean esan nuen: gaztetan denbora aurretik doa eta zu bere atzetik zoaz, baina momentu batetik aurrera, buelta hartzen du eta eraso egiten dizu. Sentsazio hori badaukat, ez bereziki ispiluan, baina ispiluan ere bai. Oporretan nagoenean jendearen bizimodua imajinatzea gustatzen zait, eta Lisboako San Jorge gazteluan gizon zahar bat ikusi nuen eskaileretan eserita, erromerian zebilen jendeari begira. Pentsatu nuen handik hamar bat urtera ni ere halakoxea izango nintzela, eta esan nuen neurekiko: “Ikasi behar dut munduari berak bezala begiratzen”.


Laster zara jubilatzekoa.


Bai, eta oso erretiro polita izango dudala uste dut.

Txakolina egiten hasi behar omen duzu.


Asko gustatzen zait ardoaren eta txakolinaren mundua. Badakit edari bakoitzak bere puntua daukala. Guk, gaztetan, esaten genuen sagardoa edanda abertzale sentitzen ginela eta ardoa edanda ezkertiar.

60ko hamarkadan gazte zen belaunaldi hari egin diozun keinua da nobelaren beste gaietako bat. Garai hartan mundua aldatzera zihoala sinetsi zenuten, eta batzuek dena eman omen zuten aldaketaren alde. Zuk literatura bakarrik sakrifikatu omen zenuen. Zein zentzutan?


Batzuek asko utzi zuten, hori badakit. Garai hartan eztanda modukoa gertatu zen, ez Euskal Herrian bakarrik, Europa osoan ere bai. Berehalako aldaketak iritsi zitezkeela sinetsita geunden. Eta ezagutu nuen jendea karrera utzi eta fabriketan lanean hasi zena, ezagutu nuen klandestinitatera pasa zena... Nik 16 urterekin zalantza bat neukan: poeta izan ala borrokan sartu. Eta erabaki nuen poemak utzi eta borrokatu egin behar zela, urte batzuetako kontua izango zela, eta gero izango genuela denbora txikikerietara bueltatzeko. Idaztea luxua baitzen, denbora galtzea. Oso berandura arte ez nintzen berriro bueltatu literaturara, horregatik diot aldare horretan utzi nuen nire opari bakarra literaturzaletasuna izan zela. Gainerakoan, ez dut erakusteko zauririk eta dominarik.

Oraindik bada internazionala frantsesez abesten duenik?


Aspaldian, gutxi. Guk beti frantsesez abestu genuen. Espainolez ez dut sekula kantatu, eta euskaraz Arestik egin zuen bertsioa asko gustatu zitzaidan, izugarri polita da, igual originala baino politagoa. Baina nik, batez ere, Parisko manifetan hartu nuen parte. Benetan kantatzen genuen, kristoren indarrarekin.


Jendea gero eta gutxiago konprometitzen omen da.


Ezin dira belaunaldien arteko sakrifizioak konparatu, eta gainera ez dakit oraingo belaunaldiak belaunaldi diren ere. Soziologian, gertakari potente batzuen inguruan egiten den adin bertsuko jendearen egituraketa da belaunaldia. Horren arabera, guk Maiatza eta Burgosko epaiketa dauzkagu. Ondoren, ez dakit trantsizio belaunaldirik badagoen eta geroztik ez dakit belaunaldiak nola definitzen diren, bai baitirudi gaur egun etengabe sortzen direla belaunaldiak. Orain ere badaude sakrifizio handiak egiten dituzten pertsonak, baina ez dut uste gizartearen aldaketa sakon bat posible dela espero dutenik, hori da diferentzia. Marxismoak Europan porrot egin zuen, eta unibertsitateetan geratu da. Gure inguruan ez dago berehalako aldaketak gertatzeko espektatibarik. Abertzaleen arloan urte gutxi barru aldaketa handi samarrak gerta daitezke, baina maila taktikoko aldaketak lirateke horiek ere.
Nortasun agiria
Joxean Agirre Odriozola Azpeitian jaio zen 1949an, eta Zarautzen bizi da gaur egun. Soziologia ikasi zuen Parisen eta kazetaritza Leioan. Erredaktore aritu zen Eginen lehenengo, eta Garan, gero. Bertsolari eta Ikastola aldizkarietako langilea ere bada. Berandu ekin zion literaturari, baina obra labur bezain originalaren egilea da narrazioaren arloan: Lehen triptikoa (1986), Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996), Romain zen bere izena (2003). Azken eleberria argitaratu berri du: La lutte finale. Internazionala frantsesez kantatzen du.
AZKEN HITZA
Konpromisoa
“Pertsona konprometitua izan naiz, baina ez naiz idazle konprometitua sentitzen. Konpromiso politikoan ardura berbera dute iturgin batek eta idazle batek, eta nik egiten dudan literaturan ez dut gizateriak bizi dituen gai nagusiekiko inongo konpromisorik agertzen. Gizakiaren existentziari buruzko gogoeta agertzen da. Baina pertsona konprometitua izan naizelakoan nago, boladatan gehiegi. Orain desenkantu handiarekin bizi dut dena, baina parametro politiko batzuk aldatuko balira eta ikusiko banu lana egiteak merezi duela, ez litzaidake asko faltako berriro lanean hasteko”.
Emakumeen larruan
“Ni emakume ederren larruan jartzen naiz eta, oso lotsatia naizelako izango da, baina jasangaitza izan behar duela iruditzen zait. Zama handia izan behar duela, eta liburuko Natalie bezala, zikin sentituko direla gauean: zenbat begirada, zenbat zikin...”.
Gizajo
“‘Artista guztiak gizajo batzuk gara’ esaten dudanean esan nahi dut soldatak begiratu behar liratekeela. Zer soldatarekin bizi dira prestigiodun idazleak? Eskultoreak? Bertsolariak? Izugarrizko ahalegina egin behar dute soldata duina ateratzeko, eta ahalegin horrek dispertsiora eraman zaitzake. Gogorra behar du hil bukaeran kolaborazio miserable guztiak zenbatzen aritu beharrak. Zergatik magnifikatu artistaren bizimodua praktikan inolako inportantziarik ez badu? Arteak egunkarietan duen presentzia ez da erreala. Ni maleta beltzarekin ateratzen naiz etxetik, eta inguruko zaharrek agurtu egiten naute beti. Jakina, aseguru-saltzailea edo halako zerbait naizela uste dutelako, inportantea. Jakingo balute 1.100 euro irabazten ditudala Garan, zeinek agurtuko ninduke?”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude