argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko abenduaren 23a

Mikel Hernandez Abaituak Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza (EHU) izeneko doktore tesia argitaratu du. Idazle donostiarraren Egunero hasten delako (1969), 100 metro (1976) eta Ene Jesus! (1982) liburuak aztertu ditu Abaituak.

 

Bide Ertzean taldeak zuzeneko CD-DVDa grabatuko du urtarrilaren 16an Tolosako Leidor aretoan. Kontzertu “berezi” horretarako sarrerak salgai daude 10 eurotan. Informazio gehiago www.bidertzean.com webgunean aurkituko duzue.

 
 

Amaia Graciak irabazi du 2008ko Artista Gazteen Iruñea Lehiaketa, egur eta beiraz egindako Tótem en alza lanagatik. Bigarren eta hirugarren sariak Irantzu Sanzo eta Javier Articarentzat izan dira, hurrenez hurren. Gasteizko Amarica aretoan, bestalde, berrogeita hamar artista gazteren lanak bildu dituzte, Murgiltzeak proiektuaren bigarren urratsa den erakusketan.

 

Alberto Diaz ‘Korda’ argazkilari kubatarrak Ernesto Guevara Che gerrillariari ateratako argazki ezaguna ikus daiteke, besteak beste, Zarauzko Photomuseumeko Latinoamerikar argazkigintza erakusketan. Angel Alonso argazkilari bilbotarraren bildumakoak dira irudi guztiak. Che-ren argazkian, Kordak Alonsorentzat idatzitako eskaintza ikus daiteke. Erakusketa urtarrilaren 25era arte izango da zabalik.