Karrusaren bueltan

  • Abenduaren 6an estreinatu zuen Hiru Punttu taldeak Fauxto karrusa Anauzen. Hilaren 20an despeditu zen karrusa Larresoron, Domintxine, Miarritze eta Hazparnetik pasa eta gero. Antzezlan efimeroa zinez, Garazi alde horretan egosten den errealitate baten ispilu.
Fauxto
Donibane Garazitik Baigorrirako bidea hartu, Azkarate pasa eta hurrena Anauze dator. Ilunpean, Hargaineko sorgin zaharrak ilargiari keinuka ari zirenekoak dirudite bideaz bi aldeetako etxeek. Baina gaur ez dabil hego haizerik eta ilargiak apenas zulatzen dituen lainoak.

Anauzeko herriko gelan, epelean, afaltzen ari dira Hiru Punttukoak arratsaldeko seietan. Azpilkada entsalada, txorizoa, pastelak... Alboan ardi larruz erdi jantzita gazte koadrila. Ez, hauek ez dira aktoreak, inauterietako entsegua egin behar dute orain herrian zehar. Thierry Biskaryk (kalapitaria.blogspot), taldeko kapitaina bera, esplikazioak.

Hartan, sartu da Antton Luku, bi besoak trastez beteta. Lukuk idatzi eta zuzentzen du Fauxto karrusa. Karrusa, Garaziko euskalkian, tobera da, antzerki satiriko mota bat.

Afaltiarren artetik altxa eta badator Iñaki Etxeleku-Fauxto. Fauxto, ixaz, Goetheren Faustorengan inspiratua. Hark gaztetasunaren truke saldu bazion arima Mefistori, Fauxton on the wave, modaren puntaren puntan, egon nahiagatik kulturaren transmisioa nola galarazten den kontatzen da. Edo Iñaki Etxelekuren hitzetan, “jendeak, kulturan ari den eta aritu den jendeak, bizi duen konplexua. Erreferentziak kanpotik datoz, metropolietatik, dela Paris, Madril edo Amerika, eta beti frogatu nahi izate hori euskal kultura gai dela haien heinerat heltzeko”.

Zortzi eta erdietan da hitzordua eta ordu erdi lehenago hasi da jendea iristen, ezarian ezarian, baina etengabe: gazteak gehienak, guraso batzuk umeekin, adineko bakan batzuk. Eta atera begira, Antton Luku urdurituz doa. Haren kezka jende gehiegi etortzea da (!). Zer egin sobera gera daitezkeen ikusleekin?

Gelan oihal beltzez estalitako tramankulu bat, aktoreentzat eta haien trasteentzat gordeleku, eta aldamio bat, hau ere oihal beltzez estalia. Ez dago tauladarik, ez mikrofono eta soinu mahairik, ezta ikusleentzako aulkirik ere. Ertz batean kantina, garagardoa, arnoa eta jusak eskaintzen dituela. Etorri ahala jendeak hartzen du tokia, tragoa eskuan, osatzen dira taldetxoak tertulian... Antzokia ez baino herriko plaza dirudi honek, teilatupean egotea. Ikusleen artean –papera aldatuta beraz– Ander Lipus, azkenaldian Iparraldean sarri ibiltzen den aktore bizkaitarra.

Halako batean entzun da ozenki abisua, halako matrikulako autoa kentzeko edo... eta laster liskar itxura hartzen duen eztabaida; frantsesez mintzo den gizon txapeldun batek kontuak eskatzen dizkio Lukuri... Moskeoa ikusleen artean... Lukuk espontaneoa gainetik kendu du nolabait... eta Mañolo Espelleten eskusoinua lagun, aktoreak hasten dira desfilatzen ozta-ozta tokia eginez ikusleen erdian. Funtzioa ustekabean hasi da, errealitatearen eta antzerkiaren arteko mugak hautsita.

Sabino Aranak Larrinagako kartzelan gabonetan egin omen zuen afari pantagruelikoaren menuak zabaltzen du ikuskizuna –Jon Alonsoren testu bati keinua–. Gero etorriko dira Fauxtoren bi ttanttak –izebak–, eta haien elkarrizketak jarriko du jendea algaraka.
Hortik aurrera komizidadea nagusi, eztena zorrotz, baina lirikari eta eztitasunari ere tokia eginez, eta gogoetari. Aktoreek jokatu eta jolastu egiten dute, ikusleen konplizitatea bilatuz; gonbidatzen dituzte tragora edo pintxoak jatera, ateratzen dituzte dantzara eta manifara, beti ere karrusak iradokitzen duen mugimenduaren borobilean... Eta horrela bi ordu, etenik gabe, zalaparta batean.

Antton Lukuren kezkak bazuen arrazoia. Azkenean igandean beste emanaldi bat egin behar izan zuten Anauzen, larunbatean sartu ezinik geratutako ikusleentzat. Bi astetan erretzat joko dute Fauxto karrusa Hiru Punttukoek. Kulturaren transmisioan maixu-maistra, antzerki zaharretik edan eta... on the wave-ekoa atera zaie karrusa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude