argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Aitzakia ederraren arantzak
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2013ko maiatzaren 02a
Bizkaiko bertsolari txapelketa
Aurtengoa Bizkaiko 50. Txapelketa izan da. BEC-eko prespektiba koloretsua, saio aurretik ikusi genituen txuribeltzeko argazki historikoen kontraste polita izan zen. Saio bikainak eta hasierako agurretako aipamenek, urteurrena ondo ospatzeko modua eman ziguten. Xabi Payak finaleko bertsolari gazteenaren saria jaso zuenean, atzetik datorren belaunaldia tentatu zuen, hurrena beste norbait joan dadin sari hori jasotzera. Bizkaiko harrobia sendo ikusten da, eta bi urte barruko finalistetan aldaketak izateko aukerak badira.

Saioa gozamena izan zen, eta txapeldunaren agurrak jarri zien hitza entzuleok puntuak entzutean sentitutako nahasmenduari: “Txapel bat txapel bat baino ez da / baina atxaki ederra da / danok elkartzen bagara”.

Puntuak puntu, festa egun horrek merezi duela da etxerakoan ekartzen den sentsazioa. Eta inork ez ditugula joko arauak kontrolatzen. Bai, saioa lasai ederrean entzutetik bertsoak banaka puntuatzera alde handia dago. Noski ez naizela balorazioak egiteko epaileak baino trebeagoa. Baina inguruan eskarmentu handiko bertsolariak nituen, eta bakoitzak bere epaia eman zuen, ez zetozen ezertan bat. Bertsoa artea den neurrian epai ezina dela inoiz baino argiago esaten da. Entzule gisa, niri bost axola zirku erromatar horretan nor botatzen den lehoietara eta nor bihurtzen dugun enperadore. Baina joko arauak ezagutzen ez ditugun jolas horri bi arantza zorrotz behintzat ikus dakizkioke-: Nagusia, bertsolari batzuek euren bizibidea noraino jartzen duten jokoan puntuaketa taula horretan. Xabi Paya izan zen iaz gehienetarikoa ibili zen bertsolaria. 2009an ikusiko da txapelketek edo beste faktore batzuek definitzen dituzten plazaz plazako kartelak. Eta bigarren arantzak nire imaginario inuzentea ziztatzen du. Egungo finalak ikusita, Txapeldun Handien Palkoa gainera eroriko zaidan dut amesgaizto... Irabazleen handitasuna dudan jarri ere egin gabe, arreta ertzera doakit: Txapeldun handi baten atzean beti dagoelako beste bertsolari handi (kuadrila) bat.

Palko handiagoa beharko dugu...
Nabarmendutako aleak (Miren Ibarluzea)
Diskurtso erabat sinesgarriak eraiki zituzten bertsolariek, errealak zelanbait. Zortziko txikiko ariketek ederto dibertitu gintuzten. Payatarrek gizon-emazteen rola hartu behar izan zuten, ezin egokiago sartu zen aita tradizionalaren paperean Fredi. Iturriagak eta Estiballesek ere ale ederrak ekarri zizkiguten, Santiago Bidean astoa etzun eta altzatzen ez zelako.

Hamarreko txikian ere ale politak joan ziren. Ibarrak eta Xabi Payak gorputz baliabideak eta kanpoko erreferentziak ederto ekarri zituzten bertsotara.

Bakarka neurri librean kantatzekoak bi bertso baino ez ziren, eta labur egin zitzaizkigun zenbait bertsoaldi. Arkaitz Estiballesek ordura arte egindako saioan goia jo zuen, ikusi ere ikusi egiten genuen kantuan ari zela maitalearen logelako armairu barruan.

Buruz burukoan, Igor hazten ikusi genuen. Kartzelako gaia bide bertsutik jorratu zuten bi-biek. “Astelehen goiza da, irribarretsu zagoz oraindino”, eman zien Bernar Mandalunizek. Iturriagak bere-berea duen estiloan bota zuen lehen bertsoa: “Gaur itzartu naz normala baino askoz be lehenago: / egia esan bart lotan ordu asko ez dot igaro, / gorputza nekatu arren burmuina joan da harago. / Zeozer pasau danaren seinalea dogu, klaro. / Pausuan be sentitzen naz zentrimetro bat gorago,/ kalean danak begira ta begiradak arraro. / Hori amargau piloa! Mundu hontan asko dago! / Pentsau gura dozuena, enamoratuta nago!”. Elortzak teknika eta hitzen edertasuna menderatzen zuela erakutsi zigun beste behin Laboaren Izarren Hautsa doinuan hiru bertso eder josi zituenean. Hirurak ondo baino hobeto ekarriak.

Miren Ibarluzeak Bizkaiko Txapelketaren kanporaketei eginiko kritika artikuluak: