argia.eus
INPRIMATU
Sentitu, pentsatu eta idatzi
  • Arantxa Agirreurreta ::Simone de Beauvoir, emakume libre bat XX. mendean

    Elkar

    orrialdeak ::132

    prezioa ::11.15€

Amaia Alvarez Uria 2008ko abenduaren 21
Aurten 100 urte bete dira jaio zenetik eta 2009an berak idatzitako Le deuxième sexe lanak 60 urte beteko ditu. Hori dela-eta aurten ekitaldi batzuen bidez haren ekarpena zabaltzen ibili dira han eta hemen. “Bigarren sexua” kontzeptuaren sortzailea da gehienentzat, bazterrak nahastu zituen liburu horrek eragin handia izan du argitaratu zenetik gaur egunera arte. Teoria feministaren oinarri eta abiapuntu izan da, besteak beste, mugimendu identitario honen lehen eta bigarren olatuaren artean agertu zelako.

Bere buruaren gainean hitz egin nahian jaio zen liburu hura, galdera hau eginez: “Zer da emakume izatea?”. Ikertzen hastean espero gabeko gauzak agertu zitzaizkion begien aurrean. Bi urte pasatu zituen lan zientifiko mardula egiten eta honako tesiak dakarzkigu: mundu humano edo maskulinotik (gauza bera baitira biak) baztertu dituzte emakumeak, gizonen arauak ezarri zaizkie menpeko bihurtuz eta berdinarekin (subjektuarekin, gizonarekin) elkarrekikotasunik gabeko bestearen (objetuaren, emakumearen) kategoria eman diete, bigarren sexuarena, alegia.

Jean Paul Sartre eta filosofia esistentzialista dira Beauvoirri buruz pentsatzean datorkigun bigarren datu ezaguna. Sartre bere kidearekin ibili zen munduan zehar hitzaldiak ematen. Ezkerreko intelektual hauen hitzek pisu handia izan zuten mendebalde eta ekialdean. Idazle konprometituak izan ziren biak. Sartrerekin izan zuen harremana ere berritzailea izan zen: askatasun eta gardentasunean oinarritutako maitasun ituna egin zuten. Elkarrekin zuten harremana, baina bakoitzak bere bizitza indibiduala bizitzeko aukera ere bazuen.

Dena dela, “Bigarren sexua”-z eta Sartrez harago badago Beauvoirri buruzko jakingarri ugari. Bizitza idatzi eta idazteko bizi. Hori izan zen bere aukera. Fikzio lanak, saiakerak eta oroitzapen liburuak utzi dizkigu. Berak sentitu eta pentsatzen zuena besteekin konpartitu nahi zuen: gizartearen hipokrisia salatu, klase-borroka sustatu, emakumearen liberazioa bultzatu, herri kolonizatuen askatasuna eskatu eta zahartzaroaren tabua pitzatu nahi izan zituen bere lan oparoaren bidez.

Sorbonako ikaskideek horrela ikusten zuten: “Ahots zakar eta etorri handikoa, buru argia, iritzi zorrotzekoa eta adimen garratzekoa”. Sartrek Castor ezizena ipini zion, “kastoreek konpainia maite dutelako eta ikaragarri langileak direlako”. Mariasun Landarentzat aitzindari eta erreferente ukaezina izan zen, Beauvoir belaunaldiari buruz hitz egiteraino heltzen da biografiari egin dion hitzaurrean, (eragin handia izan zuen Zortzi unibertso liburuko idazleengan, adibidez, gaztetan Arantxa Urretabizkaiari Simona deitzen zion Ramon Saizarbitoriak).

Bere bizitzari buruzkoak hobeto ezagutzeko zabal ezazu emakume aske honi buruzko biografia hau eta ea beste liburu batzuetara zaramatzan, niri gertatu zaidan moduan.