argia.eus
INPRIMATU
Poza
Joxemari Ostolaza 2008ko abenduaren 21
Joxemari Ostolaza
Ematen du krisiak ez duela eraginik izan kultura ekoizpenetan entzuteak. Durangoko Azokaren arduradunek hori dute lehen bilana, ekoizle zenbaitekin kontrastatutakoa nonbait. Ohituak gaituzte bestela komertzianteek, beti ere negarti, orokorrean krisi hitza erabiltzen ez dugunean ere, etengabean ez dela aski saltzen esaten digutenean, kontsumitzen duguna gutxi dutelakoan. Ez dakit estrategia ote duten hala izaera. Handik hurbil, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak mila eta berrehun bat jende bildu du. Honen arrakastak ere euskalgintzaren osasun ona erakusten digula dirudi, finalerako sarrerak dagoeneko salgai, bertan kantatuko duen zortzikoteak mundu bat erakarriko duela bermatuta dagoela. Finalaurreko saioaren kroniketatik, Xabier Leteren Izarren hautsaz Mikel Laboaren bertsioa oinarri, Igor Elortzak egokitutako bertso doinuak piztu dit entzuteko gogoa, hamar zortzi, hamar zortzi, hamar hamar zortzia begiz nola egituratu duen ikusi eta kantatzen saiatu ondoren, bertsolariek ohikoa duten puntu neurrian errimen erabilpen ez ohikoak belarriz ikasi, jan, eta uzten didan zaporea gozatu nahi dut.