argia.eus
INPRIMATU
Merkeegi
Joseba Barandiaran 2008ko abenduaren 21
Joseba Barandiaran
Gure Euskal Herri honetan, merkeegia da jendea hiltzea. Merkeegia da enpresariak hiltzea eta merkeegia da langileak, etorkinak edo emakumezkoak hiltzea ere. Merkeegia da jendea bahitu eta urtetan giltzapetzea. Loiolan hil berri duten enpresariaren izena entzutean, Inazio Uria, gogoak Iñaki Uriarenganaino egin zidan hegan. Aita semeak ote ziren ere otu zitzaidan. Zein merkea den auskalandian bizi den jendearen eskutik, tiroak bota eta bizitza bat eta sendi bat suntsitzea. Zein merkea den auskalandiako epaileentzat, sinadura batekin bizitzak, sendiak, ametsak suntsitzea. Dispertsioa ere, zein merkea den. Uria eta Korta eta beste asko dira horrelakoak pasa behar izan dituzten familiak. Korta bat ere bada, 18/98koen artean, 11 urteko espetxe zigorra duena; Mikel. Izan ere, krisi ekonomikoa aipatzen da baina, gure benetako krisia, baloreen krisian dago. Sufrimendua, besteena denean, ikusezin bihurtu dugu. Gizarte gaixoa gara eta eztabaida nekeza da: arerio eta mamuak noiznahi eta nonahi ikusten ditugu; pertsonak desagertu dira. Merkeegi.