Zer esan herritar xumeari aurkikuntzaren berri ofizialki eman eta bi urtera idazkunak benetakoak ez direla esan bada?
2007ko abuztura arte ni ere herritar xumea izan naiz. Ni ere berdin-berdin harritu naiz. Ez da normala hainbeste denbora igaro izana. Zergatik gertatu den hau? Foru Aldundiak ez zuen erreakzionatu ohartarazi zitzaionean. Aurkezpen publikoa egin eta egun gutxira batzuek zuhur ibiltzeko eskatu zuten. Ez zitzaien kasurik egin. Zalantza horiek inoiz ez ziren desagertu.
2007ko abuztuan, kargua hartu nuenean, prentsa sutan zegoen, bi bandoak liskar etengabean ari ziren. Ezin genuen borroka mediatikoan segi lan zientifiko serioa egin gabe. Aholku batzorde zientifikoa sortzea pentsatu nuen eta 2007ko urri-azaroan EHUra jo genuen. Batzordeak bi baldintza bete behar zituen: kanpoko adituak ere egotea eta diziplina bat baino gehiago kontuan hartzea. Batzordeak hamar hilabetez egin du lan. Eliseo Gilek jakin du zer esaten zen batzordean, berak ere lagundu du. Emaitzak jasotakoan, txosten bakarra egin beharrean diziplina bakoitzeko bat egitea erabaki genuen. Denen emaitzen batuketak dio idazkunak ez direla benetakoak. Gilen alegazioak jaso ditugu eta fiskaltzari eramango diogu dosier guztia.
Idazkun faltsuak nork egin dituen jakin beharko da.
Dakiguna da gure herriaren ondasunari kalte egin zaiola. Nork egin duen eta zergatik guri ez dagokigu, fiskaltzak esango du nondik jo behar den. Beste gauza bat da aztarnategiaren zuzendariaren arduradun gu izatea, hori gure esku dago eta lanerako baimena kendu zaio Eliseo Gili.