Kermes kukurrutxa bizkarroiak ematen dio izen zientifikoa bazkatzen duen abaritzari (Quercus coccifera). Eta betiko izenean jaso bazuten ez zen txantxetako apopiloa izango. Berriketa txatxarra ez den horrek istorio polita eransten dio Udalaitzen aurkitutako Gipuzkoako lehen abariztiari. Landarearen itzala, izerdia lapurtzen dion intsektutxoarena.
Kermes izena pertsierako qirmiz hitzetik dator eta qirmezi edo karmin-kolore gorrimin bizia adierazten du. Erditzeko punttuan diren Kermes kukurrutxaren (Kermes vermilio) emeak ehota tindagai gorri ezin hobea lortzen da, nonbait. Gorri min bizia kolore nekeza, lortzen zailenetakoa izan da. Horrexegatik errege, zesar, enperadore, artzapezpiku eta goreneko jendilajearen adierazgarria izan da; eta ustezko gorentasunen ikurren tankeran bekaizkeriaren eta harropuzkeriaren ufada. Gipuzkoako abariztitik urrutira gabe, “Gonagorri soro” izena duen lur saila ezagutzen dut. Etxekoek diotenez, gona gorri bat izan ezean ezin bizi zen alabaren gutizia asetze aldera, aitak trukean emandako soroa da.
Feniziarrek itsas barraskilo batetik lortzen zuten tindagai gorria zilarraren pisura saltzen omen zen. Bere boterearen erakusle, Kleopatra (69-30 K.a.) zilarrezko arraunak eta bela edo haize-oihal gorri minak zituen ontzian ibiltzen omen zen hara eta hona. Zapata gorriak janzten ote zituen? Ezpainak bai, gorritzen zituen, baina kukurrutxaren zukuaz egindako lapitzaz... Gaur egun ere halaxe egiten dira ezpain-lapitzak, kukurrutxa odolez.
Barraskiloa garestitxo eta abaritzaren kukurrutxa honek hartzen zuen haren txanda. Erromako zergak ordaintzeko, hango senatarien jantziak gorritzeko erabiltzen ziren kukurrutxa-ore gurdikadak bidaltzen zituzten Hispania menperatutik.
Gerora Kermes kukurrutxaren tokia espainolek zanpatutako Ameriketan topatu zuten beste kukurrutxa batek hartu zuen, kaktus baten kukurrutxak.