argia.eus
INPRIMATU
Aukera galduak
2008ko abenduaren 21
Joxemari Agirre
Alex Larretxi
Aukera galdu bat bezala kontsidera daiteke BBKren eta Kutxaren arteko bat-egite edo fusioa ezin ahalbidetu izana. Nik hala kontsideratzen dut. Horretaz ohartu ziren aurkariak biharamunean bertan, berriro ere prozesua martxan ipintzeko eskatu zutenean. Oso gutxi iraun zuen bezperako haien balentriak, egindakoaz damu zirela zirudien. PSE, PP, ELA eta ezker abertzaleak egin zioten muzin bat-egiteari, baina, proiektua bera baino gehiago nabarmendu zituzten proiektuaren beraren aurkezleak: EAJ eta EA. Betiko kontuari egin zioten kasu, hau da, ezadostasun politikoa edo sindikala gaitzetsi zuten diseinua bera baino gehiago.
 
Krisi ekonomikoa ez dakigu oraindik noraino iritsiko den. Dakigun bakarra da uste baino sakonagoa izango dela, eta dirudienez, uste baino gehiago iraungo du. Krisi ekonomikoan ez dago mobiolarik. Kate maila bakoitzak eragin behar dio motor ekonomikoari. Gaur erabakitzen denak ondorio luzeak ekar litzake gerora. Balizko erabakiak eta ez-erabakiak gerora etorriko dira.
 
Kutxa berri eta indartsu bat ez sortzea aukera galdua da, batez ere une ekonomiko larrietan. Euskal ekonomiaz eta kutxa enpresaz gehiago hitz egingo zela espero nuen nik, aurkariek ez dute sakondu egitasmoan. Tristea bada ere, haietako inork ez du eztabaidatu ez euskal ekonomiaz ez kutxa enpresaren etorkizunaz, enpresa ereduan ez da sakondu ere.
 
Bakoitzak bere astoari arre egin dio, a priori hartutako aurreiritziak errepikatuz. Kutxako protagonistak kontuan hartuko zirelakoan nengoen: bertako enplegatuak eta bezeroak. Bertako langileak eta aurrezki emaileak bat-egitearen alde zeuden gehienbat. Hauek, dudarik gabe, nahiago dute kutxa indartsu bat. Proiektua aurrera eginez gero Estatuko hirugarren kutxa bihurtuko zen eta babestuago ikusiko zituzketen haien aurrezkiak. Bezero asko dira Kutxaren maileguak jasotzen dituztenak, eta hauek mailegu ahalmen edo gaitasun gehiago izan zezaketen kutxa indartsu batean. Tresna finantzario indartsua sortzeko zorian egon gara. Nork azaldu dezake gertatua ekonomia moteldu denean?
 
Krisialdi honetan, euskal familiek eta enpresek aukera gehiago izango zuten Estatuko hirugarren kutxa batekin. Kutxa indartsu batek mailegu ahalmen eta gaitasun gehiago duelako bakar batek baino. Nik ere nahi nuke Euskal Herriko bost edo lau edo hiru kutxek bat-egitea, baina bitik igaro behar da hirura, laura edo bostera iristeko. Birekin bat-egitea ezinezko izan bada, nola harago joan?