argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Murua
“Goi mailako kirola ez da osasungarria izango baina tailerrean zortzi ordu pasatzea ere...”
Sustrai Colina 2008ko abenduaren 21
Ainhoa Murua
Dani Blanco
Bi entrenamenduren artean, entrenatzaile militarrenek nola, ez diogu arnasarik hartzen utzi.


Zarauztarrek haizea eta Zarautz baino ez dituzue buruan!


Beti Zarautz eta Zarautz gabiltza. Zarautzekin txoratuta gaudela ematen du. Asko defendatzen dugu eta ez dakit zergatik.


Lasai, kirola egiten hasita, nik ere ez dakit nola aukeratu litekeen triatloia.


Esfortzu fisikoa eta sufrimendu puntua eskatzen duten kirolak beti izan ditut gustuko. Txikitan, gehienbat igerian ibiltzen nintzen, baina aitari sarri-sarri kentzen nion txirrindua, eta korrika ere...


Nik uste nuen adin batetik aurrera hasten zela triatloian.


Gazteek kirol eroso eta erakargarriagoak ikusten dituzte eta normala da sufritzeko hainbeste gogo ez izatea. Baina behin gorputza orekatutakoan gogotsu ekiten zaio.


Gorputza orekatutakoan ala hiru diziplinetan puntakoa ez zarela konturatutakoan?


Ziurtatzen dizut Munduko Kopan lehiatzen den jendea diziplina bakarrean ere oso ona dela. Baina triatloia ez da hiru kirol bat bestearen atzetik, hiruen batura baizik. Horregatik izan behar duzu erregularra.


Ez esan emaitzak desberdinak liratekeenik diziplinen ordena aldatuz gero!


Zeharo desberdina litzateke, beste kirol bat!


Baina hor ere burugogorrek irabaziko lukete.


Kirolerako indartsu egiten zaren heinean zailtzen zara eguneroko bizitzarako. Elkarren isla baino ez dira.


Ni zuek egunean dutxatzen zareten beste aldiz dutxatzen soilik nekatuko nintzateke!


Txorakeria dirudi baina bizikletan bi ordu ibiltzeko bi ordu baino askoz denbora gehiago behar duzu. Kirola egiten ordu asko pasatzen ditugu baina baita aldageletan ere!

Ez dakit zergatik, zuen markek duten oihartzuna ikusita…


Amorrua ematen du. Munduko Kopa bateko emaitzak ez dituzte emango, baina Errealaren entrenamenduan batek besteari ostikoa eman diola ez zaie ahaztuko.


Trankil, inguruko triatloietan aurrean ibili eta kito.


Harrigarria da. Jendeak gehiago baloratzen du hemengo txapelketa bat irabaztea Munduko Kopan hamabigarren izatea baino. Ez dira ohartzen batetik bestera dagoen saltoaz. Niri askoz gehiago kostatzen zait Munduko Kopan hamabigarren izatea!


Zer nahi duzu esatea, hasi zaitez zortzi orduko lanpostu arrunt batean.


Maiz pentsatu dut nire egoera ezberdina dela, ez dela ohikoa. Dena den, ez dakit bulego batean denbora asko aguantatuko nukeen. Goi mailako kirola ez da osasungarria izango baina tailerrean zortzi ordu pasatzea ere…