argia.eus
INPRIMATU
Zahartzaroaren zimurrak
Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 02a
Arrugas
Arrugas. Paco Roca. Astiberri (2007). 104 orrialde, koloretan. 15 euro. Interneten: www.pacoroca.com.

“Ez dakit zergatik izan duen horrenbesteko arrakasta. Agian irakurlearekin enpatia berezia lortzeak izango zuen zerikusirik. Komikiarekin erraza da jendearen sentimenduetara iristea, istorioari irakurleak ematen diolako amaiera”. 2008ko Komikiaren Espainiako Sari Nazionala jasotzean egin zituen adierazpenok Paco Roca komikigile valentziarrak.

Bartzelonako eta Italiako Lucca hiriko komiki azoketan ere saritu dute Arrugas obra. Alzheimerra bezalako gai delikatuari xamurtasunez baina beldurrik gabe heltzen dio. Komiki hunkigarria den arren, ez da mezu katastrofiko eta etsikorrik agertzen.
Bere adiskide baten aitak inspiratu zuen Paco Roca: “Gizon ikasia eta azkarra zen, eta Alzheimerrak nola kolpatu zuen ikustea gogorra izan zen niretzat”. Komikia egiteko lagun hark aitari buruz kontatutakoak erabili zituen abiapuntu. Zaharren egoitzak bisitatu zituen, eta ikusi zituenak eta hango aiton-amonek eta medikuek esan zizkiotenak ere ageri dira komikian.

Senideek zaharren egoitzan sartu berri duten Emilio izeneko agurea da protagonista. Iraganeko oroitzapenek eta zaharretxeko bizipenek ordenik gabe egingo dute talka haren –eta gainerako agureen– barnean. Arrugas komikiak istorio tristea kontatzen du, baina narratzaileak tonu atsegina erabiltzen du. Eta halakoxeak dira ere marrazkiak: ez kaotiko eta beldurgarriak, trazu garbikoak eta koloretsuak baizik.

[Alzheimerraren Espainiako Erakundeak Arrugas komikiaren ale piloa banatu ditu bere kideen artean. Bestalde, Delcourt argitaletxeak frantsesez kaleratu du Paco Rocaren obra eder hau, Rides izenburupean, eta han ere arrakasta handia izan du].