argia.eus
INPRIMATU
Langabezia eta enpresariak
Juan Mari Arregi 2008ko abenduaren 14a
Langabeziak, eraikuntzaz gain, industria eta zerbitzuak astindu ditu Hego Euskal Herrian. Aurreikuspenen arabera, hazten segiko du. Azaroan, Hego Euskal Herrian, 9.683 langabe izan dira eta orain guztira 124.906 langabe daude, biztanleria aktiboaren %9a. Sektore guztiei eta lau probintziei eragin die. Aldi baterako kontratuak dituztenak ari dira nozitzen langabezia, gazteak eta emakumeak. Finantza krisiak eragin du hau. Bankak, hipoteka toxikoen bidez, zakua etekin galantez bete nahi izan du, zuloa egin zaion arte. Kredituak emateari utzi dio, lehenbizi eraikuntza geldituz eta gero industria eta zerbitzuak. Langabetuak gero eta gehiago direnez, kontsumoak behera egin du eta ondorioz industria eta zerbitzuak izoztu egin dira.

Patronalak, garai onetan etekinak banatu ez baditu ere, langileei eta sindikatuei elkarren babesean aurrera egitea eskatzen die orain. Horrek aldarrikapenak alboratzea esan nahi du, soldatak izoztea eta lan erregulazioak onartzea. Izango dira enpresa txiki eta ertaineko enpresari ondraduak, langileekin etekinak banatu dituztenak. Gutxienekoa izango diren horiek eskubidea dute bat egin eta negoziazio koiunturalak egiteko. Eskubiderik ez dute ordea, enpresa ertain, handi eta multinazionalek, etekinak poltsikoan gorde eta ez zituztelako elkarbanatu langileekin. Horiek ordain dezatela krisia, ez langileek. Eta Administrazioak begi zorrotzez kontrola dezala enplegu erregulazioko espediente bakoitza.