Laguntza ematen duenak laguntza behar izaten du. Laguntza ematea da maitasunaren alderdi destruktiboena. Nik ikusi zaitut bikoteari laguntza ematen ia-ia libazio baten antzera, eta baietz diozu, eta jaikitzen laguntzen diozu eta gupida erakusten duzu, eta gezurra diotsozu, eta baietz diozu,
eskuzabal.
Baietz diozu batasunagatik, gaixotasunagatik. Gauetan zure laringea izan ohi da bere besokoa. Baietz diozu, ze azken batean, bizitza luzea da, eta bere sufrimenduak hunkitu egiten zaitu.
Laguntza jasotzen duenak ere laguntza behar du. Nik ikusi zaitut laguntza eskatzen. Eta berak ulertu egiten zaitu, eta baita errukitu ere zutaz. Eskertu eta errespetatu egiten ditu esku horiek gorputza garbitzen diozunean, rola onartuz.
Baietz diozu, behin eta berriro baietz, pentsatuz, agian, bizitza luzea dela oraindino, sanmartinetako uda txikia bezala.
Baietz diozu, eta oheratu egiten duzu, eta gupida erakusten duzu, eta gezurra diotsozu, eta loak hartzen zaitu, egun hauek ordezkatuko dituzten egun berriak etorriko direla amestuz, bera betiko gazte izango denean zure bular idorretan.