Des-kontrol taldeak berari buruz esandakoak gezurtatu ditu Hipokrisia eta faxismoaren aurka izeneko komunikatuan (www.des-kontrol.com): “Faxistatzat jo gaituzte eta argi eta ozenki esan nahi dugu Des-kontrol faxismo eta arrazakeriaren aurka azaldu dela atzo, gaur eta beti”. Hala, boikot horren aurkako diskoa kaleratu du Des-kontrolek. Besteak beste, Fernandok (Kuraia), Fermin Muguruzak, Garik, Drogasek, Iñigitok (Etsaiak) eta Nikok (M.C.D.) parte hartu dute Hipokrisia eta faxismoaren aurka diskoan (Baga-Biga).
Logela Multimediak eta Circle of Trust konpainia valentziarrak breakdance-a eta elementu multimediak uztartzen dituen Papiro... flexia ikuskizuna estreinatuko dute abenduaren 17an (20:00etan) Bilboko Euskalduna Jauregian, Dantzaldia jaialdiaren baitan. Hilaren 19an Elorrioko Arriola antzokian izango dira.
Caroline Deruas frantziarraren Le feu, le sang, les étoiles lanak jaso du Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiako sari nagusia. Euskal Zinemaren sari nagusia, berriz, Jon Garañoren FGM dokumentalak irabazi du. Emakumeen mutilazioaren gaiaz mintzo da film hori.
Susa argitaletxeak Aspaldiko lagunen bisita liburua kaleratu du. 25 idazlek 1994an desagertu zen Susa literatura aldizkarian plazaratu zituzten ipuinak jaso ditu Mikel Elortzak. Horien artean daude, adibidez, Pako Aristi, Juan Luis Zabala, Mikel Hernandez Abaitua, Josu Landa, Itxaro Borda eta Xabier Montoia. Susa argitaletxeak 25 urte bete ditu.