Humpty-Dumptyren herrian

Santi Leone
Josu Santesteban
Dogmaz ari delarik, Aita Sainduak ez du behin ere hutsik egiten, Espiritu Saindua baita haren ahotik mintzo dena. Gurean ere, nafar dogmaz mintzatzen hasi bezain fite, Miguel Sanzen espiritua jabetzen da Roberto Jimenez PSNko idazkariaren mingainaz eta, hortaz, hark zuzen eta egoki azaltzen du beti nafar esentzia ukiezinari dagokion guztia. Jakina, espirituen munduko mugimendu esplikagaitz horiek eragina izan dute beheitiko mundu honetan ere. Bertzeak bertze, UPNren hautesle kopurua biderkatu dute, anitzek oraindik jakin ez, edo jakin nahi ez arren, gaur egun, PSNren boto-emaile guziak UPNrenak baitira. Oinarrien bat-bateko zabaltze horrek, hala ere, zenbait itxuraldaketa egitera behartu du Miguel Sanzen etxean, adixkide etorri berriak eroso senti daitezen.

Izan ere, nire ustez, egunotako nafar eskuinaren barneko kalapitak haren indarra erakusten du gehiago, haren ahulezia salatzen baino. Sozialistek katixima navarristek berek baino hobeki dakitela erakutsirik eta, ondorioz, mendebaldeko arriskua betiko lekuturik, erregionalistek zorrak kitatzeari ekin diote. Hori baita azpian dagoen bakarra: etsaitasun eta ezinikusi pertsonalak. Edo, nik, behinik behin, ez dut hori bertzerik ikusten UPN eta PPren arteko muturtzean. Funtsean, pastela berena baino ez dela ziur daudelako hasi dira labankadaka, pasteletik puskarik handiena nork hartuko. Botere nahia da dantzan dabilena, ez ideologia. Horri dagokionez, denak ados: gu gara Nafarroa, eta Nafarroa geurea da, bertze inorena ez. Eta Nafarroa definitzeko, Wittgensteinen logika ostentsibleaz baliatuz, behatza mugituz alegia, beren burua seinalatzen dute.

Bertze aldean ere, gutarron artean, nolabait azaltzeko, ez da Wittgensteinen jarraitzailerik falta, baina goitian aipaturiko logika gordin hori erabili beharrean, hizkuntza filosofiaren adarretan galtzeko joera dugu. Beharbada, oraindik geurea zer den ez dakigulako izenen labirintoetan erraturik gabiltza: Euskal Herria, Nafarroa Osoa, Euskadi edo, berriki proposatu bezala, Euskal Herria-Nabarra edo, are, Euskal Herriak (pluralean). Haurra sortu baino lehen, haurrik izaten ahal dugun jakin baino lehen, etsaiturik gabiltza izenaren kontura. Joan diren asteetan, euskal selekzioaren inguruan piztu den eztabaida horren adibide ederra dugu.

Bitxia da, edonola ere, eleen esanahia batzuetan nazkatzeraino fintzen dabiltzanei –edo, akaso gabiltzanoi erran beharko nuke– nola atzendu zaizkien –edo zaizkigun– oinarrizko gauza batzuk. Duela aste batzuk, aldizkari honetan egindako elkarrizketa batean, Xabier Gantzarainek Humpty-Dumptyren esaldi bat ekarri zuen hizpidera: garrantzitsuena ez da hitzek zer erran nahi duten, garrantzitsuena nork agintzen duen da. Ezin erran Miguel Sanz, Santiago Cervera edo Jaime Ignacio del Burgo Lewis Carrollen irakurleak ote diren. Edonola den ere, argi dago ongi ikasiak dituztela haren lezioak. PSNren jarrera otzanari esker Nafarroa inoiz baino blindatuago dagoen honetan, hemengo jaun eta jabeak lasai aski ibil daitezke elkar mokoka. Definizioak argi baitaude: Nafarroa zer den eta, batez ere, norena den. Hori ikusita, beharbada estrategia politiko eta kultural batzuk aldatzen hasi beharko genuke. Bitartean, gure Humpty-Dumpty foralak hesitik erori eta hausteko beldurrik ez.

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude