argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria ezagutuz: Urretxu (Gipuzkoa)
Denborak harrapatutako harri bitxiak
  • 21 urteko ibilbidea izan arren, oraindik oso ezaguna ez den harribitxia gordetzen du bere baitan Urretxuk: Urrelur museoa. Bertan, mundu osoko mineral, fosil eta harriak daude. Mila aletik gora ikusgai.
Kristina Igartua 2008ko abenduaren 09a
Urrelur museoa
Gotzon Aranburu
Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoa Kultur Etxeko behe solairuan dago. Eraikinaren izena Aizpurunea Etxea da, eta XVIII. mendekoa da. 1987. urtean, Kultur Etxea inauguratzeaz batera, ireki zen Museoa, Nicasio Aguado Ayerdi jaunak Udalari eskainitako mineral eta fosil bilduma ederra erabilita. 1991n, gainera, harri bilduma gehitu zitzaien aurrekoei. Horri esker ikasle, irakasle, aditu eta, besterik gabe, jakin-minak bultzatutako askok natur zientzien mundu interesgarrira gerturatzeko aukera izan dute.

2006tik museoak jabego publikoa du, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak bilduma osoa erosi baitzuten. Hiru bilduma dira, bi ibilbidetan banatuta. Lehenengoan, mineralen eta harrien mundua ezagutzeko aukera izango dugu, bai paneletan ageri den informazioari esker, eta baita ere –seguruenik askoz gehiago ikasteko parada emango du honek– bisitariak mineralekin jolasteko dauden tailerrei esker. Horietan, gogortasuna, magnetismoa, erradioaktibitatea eta mineralen bestelako propietate batzuk zer diren era zuzenean jakiteko aukera dago.

Bigarren ibilbidea fosilena da. Museoaren atal garrantzitsua da hau, fosilak baitira orain dela milioika urte bizi izan ziren izakiak ezagutzeko modu bakarra. Hiru atal dituzu alde honetan: denbora geologikoaren panela, denbora-irizpidearen arabera ordenaturiko fosilak, eta planetako bizitza.
Hainbat jarduera

Urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituzte museoan, jendea mineralogia eta paleontologia mundura gerturatu nahian. Azpimarratzekoak dira gero eta ezagunago bihurtzen ari den Museoen Nazioarteko Egunaren inguruan egiten direnak. Maiatzaren 18aren bueltan, bi astez, doaneko bisita gidatuak eskaintzen zaizkie ikastetxeei, monografiko bereziak eta txangoak egiten dira, eta batez ere, Museoak kalera, jolastu gurekin jokoa antolatzen da. Urretxuko Udala, Uggasa agentzia eta Bitartean –Urretxu eta Zumarragako dendarien elkartea– dira antolatzaileak. Aurten egin da bigarrena.

Aipatzekoa da, halaber, udazkeneko Mineralogia eta Paleontologiari Buruzko Astea, museoaren sorreratik bertatik antolatua. Beraz, aurtengoa hogeita batgarrena izan da. Erakusketak, txangoak, hitzaldiak, ikastaroak, haur eta gaztetxoentzat tailerrak... Denetik izaten da aste berezi honetan.

Jarduera horiek museoari bizia emateko eta haren izena zabaltzeko sortu ziren. Baina hori ez da nahikoa. Horregatik, Urretxuko Udalak lanari ekin dio eta museoak hartu duen garrantzia ikusita, behar adina etekin ateratzeko urratsak ematen hasi da. Lehenbizikoa museoari bere izena ipintzea izan da. Horretarako herriko zenbait talde zein banakori proposamenak aurkezteko eskatu zitzaien. Horietan bozkatuena Urrelur izan da, eta beraz izen hori edukiko museoak aurrerantzean.

Mineral, fosil eta harrien berri izateko Urretxura gerturatzera baino ez duzu. Baina Urretxun, horrez gain, badago zer ikusi. Esate baterako, gune historikoa eta bertako zenbait eraikin: San Martin de Tours eliza, Areizaga Jauregi-etxea, Iparragirreren Jaiotetxea... Baita ere, besteak beste, hilerrian dagoen Iparragirreri eskainitako mausoleoa eta Aikur Erle museoa, Santa Barbara bidean.