argia.eus
INPRIMATU
Estibaliz Ruiz de Azua
“Nola gustatzen zaigun ‘izen propioen’ aurka egitea, aukera ñimiñoena aurkituz gero”
Fermin Etxegoien 2008ko abenduaren 14a
Estibaliz Ruiz de Azua
Iñigo Azkona
Hainbat hilabetez telebistatik kanpo izan ostean, itxura aldatuta berragertu da Teleberriko aurkezlea. Tartean bularreko minbizia gainditu du.

Alabengatik zaudela hemen entzun nizun eta negarra eragin zenidan...


Ez nuen hori bilatu. Tokatu zitzaidan minbizi motari esker nago hemen –ez baitzeukan metastasirik–, baita tratamenduagatik ere. Egia da alabek, senarrak, familiak eta lagunek “eramangarriago” bilakatu dutela prozesua.

Gainditu al duzu... minbizia gainditu izana?


Beldur naiz “minbizia gainditu dut” esateaz. Badakit sendatu naizela, edo hala uste dut... Baina ez zait ahazten otsailean daukadala lehen errebisioa.


Gaixo zinela gogoratu al zinen zure izena daraman ama-birjinaz?


Ez, aski arrazionala naiz. Ikerkuntzan ari diren edo aritu izan diren guztiekin gogoratu nintzen, haiei esker errazagoa baita minbiziaren ostean bizirautea. Baina badakit oso gertuko pertsonak “eskatzeaz” gogoratu direla eta dena da baliagarria. Nire ama, nire aita... Zama jasan behar izan dute hilabeteotan eta lagundu egin die beren ama-birjinaz gogoratzeak.


Esan diezazuket lehen zure telegenia “krispatu xamar” ageri zitzaidala oraingoarekin alderatuta?


Ez dut uste aldartea aldatu zaidanik; baikorra naiz eta biktimismoa gorrotatzen dut. Aitortuko dizut, halere, zuzen zaudela... baina agian ileari zor zaio aldaketa. Tratamenduaz erori egiten bada, moztu dezagun!

Egia al da ETB ez dela apenas mintzatzen Arabaz?


Askoz gutxiago gara, baita albiste gutxiagoren iturri ere, nahiz batzuetan aldarrikatu beharra dugun gehiago hitz egin dadila gureaz.

Espero al zenuen Iruña-Veleiakoa?


Ez. Sinesgaitza zait piezak arkeologoek marraztu dituztela. Are gehiago euretariko batzuen “bizitza osoko lana” izanik Iruña-Veleia. Gehien haserretu nauena tokiz kanpoko irain pertsonalak izan dira. Nola gustatzen zaigun “izen propioen” aurka egitea, aukera ñimiñoena aurkituz gero!


Bereziki kontuan hartzekoa iruditzen zaizu Araban euskaraz egin izana duela 2.000 urte?


Bai, latinez egin izana bezala... edota kultur oparoa zutela eta beste herriekin salerosketa harremanetan zebiltzala jakitea bezala. Baina galdera Iruña-Veleian aurkitutakoaz baldin bada, ez dut uste arkeologo batzuek Historia alda dezaketenik.


Kalean zoazela, zertaz hitz egiten dizu jendeak?


Batzuk berriro ikusteaz pozten dira, besteek azken urtean zertan aritu naizen galdetzen didate... Nire ile orrazkeraz mintzatzen dira ere, esanez “oso ausarta naizela horrenbeste mozteagatik”. Erantzuten diet aldatu beharra dagoela, beste barik...