argia.eus
INPRIMATU
Enpresak eta familiak ez kolapsatzeko kredituak
2008ko abenduaren 14a
Duela ia urtebetetik banka eta aurrezki kutxak familia eta industriarentzako kredituak murrizten ari dira. Kredituak lortu ezean, industriak ezin du funtzionatu eta kontsumoa gutxitu egiten da. Eta kontsumoak behera egiten badu, ekoizpena murriztea ere eragiten du eta enpresa askok enplegu erregulazioko espedienteetara (EEE) jotzen dute, orain baino lehen mozkin handiak lortu eta bildu arren. Espainiako Gobernuak, munduko beste gobernu askok bezala, diru publiko kopuru handiak (zergapekoena) injektatu dizkio bankari, kolapsoa eta hondamena saihesteko eta kredituak normal ematen segitzeko. Baina errealitatea, oraingoz eta dirua injektatu arren, kredituak arian-arian ematen ari direla da.

Ekonomia aplikatuan adituek diote kredituak lortzea funtsezkoa dela enpresen eta familien likidezia arazoak konpontzeko eta, beraz, krisialdia atzean uzten hasteko. Hala ere, gobernuen eta banku zentralen ahalegina eta guzti, “kreditu arazoak hainbat hiruhilekotan luzatuko dira”. Ondorioz, kontsumoaren eta inbertsioaren jaitsiera egunetik egunera gehiago nozituko da, eta krisialdia industrietara hedatuko da, bereziki kontsumo ondasun iraunkorren industriara. Confebask patronalak dio dagoeneko krisialdia industriala dela eta sektore bakoitzean zenbateko eragina izango duen likidezia arazoak konpontzearen menpe egongo dela, hau da, kredituen eskuragarritasunaren menpe. Hortaz, bankak eta aurrezki kutxek erantzukizun izugarria dute.