Eguraldia eta kultura euskaldunen artean. Aroaren berbaroak. Hala du izenburu Kepa Diegezek prestatu eta Gaiak argitaletxeak kaleratutako lanak. Eguraldi kontuen zale zaretenok honezkero ezagutuko duzue Kepa Diegezen EtnoMet bloga. Gune horretan bat egiten dute antropologiak, etnologiak eta hizkuntzalaritzak. Diegezek eguraldiari buruz idatzitakoek hainbat internauten erantzun eta iruzkin izaten dituzte. Diegezen hitzetan, euskaldunok aroari buruz dugun hitz eta esapide sorta altxorra da eta galtzerik ez bada nahi jaso egin behar da. Bestalde, altxor horri esker herriaren historia bera ere idatz daitekeela dio. Hala, blogeko mamia bildu du liburuan eta haizeez, hodeiez, izarrez, izotz eta elurrez mintzo da.