Amak umeari bularra emateak bularreko minbizia izateko arriskua gutxitzen omen du. Horregatik, amaren edoskitzeak osasun publikoko programa guztietan lehentasunezkoa izan beharko luke. Emakumeek bularra ematen hilabete gehiago egingo balituzte, urtean 50.000 bularreko minbizi kasu saihestuko lirateke, herrialde garatuetan dauden guztien %11. Halaxe dio 30 herrialdetan eta ia 150.000 emakume aztertu ondoren, 47 ikerketaren emaitzetatik abiatuz, argitaratu den txosten batek.
Auto-azterketarekin eta aldizkako mamografiekin prebentzio sekundarioa bultzatzen dugu, baina edoskitze naturalarekin prebentzio primarioaz ari gara, eta bide horretatik emakumeak parte hartze aktiboa izango du bere osasun arazo nagusietakoa den horri aurre hartzeko borrokan.
Familiaren ekonomian ere badu eragina
Ikerketak agerian utzi duenez, bularra emateak hainbat abantaila ekarriko lizkieke bai amari –osteoporosia, anemia eta obulutegiko minbizia prebenitzen omen ditu–, baita umeari ere: amaren eta haurraren arteko harreman estuak afektibitate aldetik haurtxoari dakarzkion onurez gain, jakina da amak defentsa mordoa transmititzen dizkiola umeari, eta modurik naturalenean gainera. Eta bada beste eragin bat, krisi ekonomikoa dela-eta kontuan hartzekoa dena. Duela gutxi, Espainiako Estatuan, urtero 120 milioi euro baino gehiago xahutzen omen ziren haurtxoentzako biberoiak prestatzeko behar zen esnetan. Hilabete batzuetan edoskitzea luzatzeak ia ume guztiek biberoirik ez luketela hartuko esan nahi duenez, pentsa zer diru mordoa aurreztu daitekeen.