Sozialismoa helburu!

Bikila
Dani Blanco
Mamutzar bat dabil munduan zehar! Baina, tamalez, ez da oraindik kapitalismoaren amaiera –eta komunismoaren garaiaren berri ona– dakarkigun mamutzarra. Aldez aurretik, borroka latza egin beharko dugu krisiak ekarri duen egoera zailaren aurrean, baita honen kalteak langileriak eta herri xeheak ordain ez ditzan borroka egin ere. Ahantzi gabe, bide batez, sozialismoari bideak ireki dakizkieken neurriak sustatzeko gai izan beharko dugula. Bestela jai.
 
Aspaldikoa da kapitalismoak bere geneetan txertatua duela krisia. Alabaina, krisi guztiak ez zaizkio berdin “egokitzen”. Gehienetan, krisia bere kontraesanak arintzeko erabiltzen du eta gutxi batzuetan larritzen du sistema osoa. Egun, hori gertatu zaio. Ez da kasualitatea krisi perfektua deitu izana: une berean finantza-krisia eta ekonomia errealarena –gain produkzioa eta gain akumulazioa–, komertzioarena eta elikadurarena, eta errematatzeko ingurugiroaren krisia bildu dituelako bere baitan. Hortik sistemaren kudeatzaileen zaitasunak ataka honetatik irten ahal izateko.
 
Baina ez gaitezen inozoak izan.
Honek ez du iraungo. Denbora ematen badiegu, pixkanaka kapitalismoa errekuperatzen joango da, eta azkenik, krisiaren errautsetik indarberriturik berpiztuko da. Artean mundua pikutara bidaltzen ez badute, bederen.
 
Shock egoeratik nola ateratzen diren ikusi besterik ez dago. Ikas dezagun beraiengandik. Esaterako, gerra negozio bihurtzen dute. Produkzioa moteltzen dute, edo langileak kaleratuz, langile berriak baldintza kaskarragoetan hartzen dituzte. Eta gauza bera egiten saiatuko dira ideologia alorrean. Honezkero kapitalismo gizatiarragoaren aldeko birfundazioaren lelo engainagarria entzun dugu-eta.
 
Kapitalismoa ez da hilko “Beste mundu bat posible da!” aldarria ez badugu praktikan hezur mamitzen. Horretarako ezker sozialak eta politikoak, hiru alorretan gutxienez, gai izan behar du indarrak metatzeko: lehenean, erresistentzia borroka sozialismoaren birfundazioaren aldeko oldea bihurtuz. Bigarrenean, gure gizarteko ondasunen banaketa politikoki inposatuz –sozializatuz– eta krisiaren galerak kapitalisten aktiboetatik ordainaraziz –pribatizatuz– eta ekoizpena demokratizatuz. Gizarteak erabaki dezala zer ekoiztu, nola ekoiztu eta zertarako ekoiztu! Hirugarrenean, lantegietan, kalean, foru publikoetan zein instituzioetan, aipaturiko helburuen alde jardungo duen ezkerreko mugimendu anitza birsortuz.
 
Hala biz!

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude