argia.eus
INPRIMATU
Ordenagailu nanoa
Benetan behar al dut?
  • Gero eta ordenagailu ultra eramangarri edo Netbook indartsuagoak aurki ditzakegu merkatuan. Gainera, One Laptop Per Child proiektuaren XO eramangarri txikia ere salgai dago jada Amazon.com-en. Dena den, tentazioari kosk egin aurretik, zertarako erabiliko ditugun ongi pentsatzea komeni dela adierazi digute erabiltzaileek.
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko abenduaren 02a
Ordenagailu nanoa
Haritz Rodriguez kazetari donostiarrak merkaturatu zuten aurreneko ultra eramangarri nanoa dauka: Assus EeePc bat. Pasa den maiatzean erosi zuen, 300 euroren truke: “Aitak eta biok belaontzian Greziara bidaiatu genuen. Gure bizipenen inguruko bloga elikatu nahi nuen, jendearekin komunikatu, eguraldiaren nondik norakoak kontsultatu...”. Rodriguezek bazuen 3,5 kiloko ordenagailu eramangarria. Pisutsuegia, bere ustez. Interneteko hamaika proiekturen bultzatzailea da (Euskaltube, Arraytxiki, Publikatu.com...), eta ordenagailua alderik alde eraman ohi du, wifi bidez Internetera konektatu eta webgune horiek kudeatu ahal izateko, besteak beste. “Lehendik neukan harkaitz puska hori sorbaldan eramatea ez zen batere erosoa”. Ordenagailu berria txikia eta arina da. Zazpi hazbeteko pantaila du, eta 900 gramoko pisua.
 
Rodriguezen iritziz, Assus-en EeePC bezalakoak uneoro gainean eramateko pentsaturik daude. Eta bereziki oinarrizko ofimatika funtzioak egin eta sarean nabigatzeko. Argazkiak ikusteko edo musika entzuteko ere erabil daitezke, baina oraingoz ez dute eramangarri handiagoekin eta mahai gaineko ordenagailuekin lehiatzerik, ezin direlako hain programa pisutsuak instalatu, bideoak editatu, CD-DVDak ikusi eta grabatu...
 
Ultra eramangarri askok ez dute disko gogorrik, eta USB gailuen flash memoriaz baliatzen dira. Kazetari donostiarraren ordenagailuak 4 GB-ko flash memoria dauka, eta 512 MB-ko Ram memoria. Modelo berriek, dena den, ahalmen askoz ere handiagoa dute. Bestalde, Rodriguez kexu da bere ordenagailuak soilik bi ordu eta erdiko autonomia duelako: “Hain gauza eramangarria eginda, kontraesankorra da autonomia hori izatea. Bost ordukoa izan beharko luke”.
 
XO ordenagailuak

Asuss EeePC moduko ultra eramangarri nanoek Nicholas Negroponte MIT Massachusettseko Teknologia Institutuko zuzendariak bultzatutako XO izeneko ordenagailua dute eredutzat. Hirugarren mundura begira dagoen OLPC edo One Laptop Per Child (Ordenagailu eramangarri bat haur bakoitzeko) ekimenaren fruitu da. 1,5 kilo pisatzen du eta pantailak 7,5 hazbete ditu. Wifi bidezko konexioa dauka eta bateria eskuko biradera edo soka bati tiraka ere karga daiteke. 256 MB-ko DDR memoria dauka, eta 1 GB-ko flash memoria. Azaroaren 17az geroztik Europan ere eskuragarri dago. 322 euroren truke bi ordenagailu erosten dira www.amazon.com/xo webgunean, bata norberarentzat eta bestea hirugarren munduko haur batentzat.
 
XO ordenagailuari buruzko azalpen gehiago Igor Leturiaren blogean aurkituko duzue: http://eibar.org/blogak/e-gorblog/topics/OLPC. Leturiak esan digunez, oporretan-eta erabiltzen du eramangarri hori, Interneten nabigatu, mezuak bidali eta testu prozesadorearekin lantxoak egiteko.