Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak antolatzen duten Azkue Literatur Sarietan irabazle izandako lanak argitara eman dituzte bilduma batean. Narrazioak eta olerkiak 2007 izeneko liburuan, idazle gazteek egindako hamairu istorio eta poesia lan irakur daitezke. Ikuspegi bereziz egindako idatziak dira guztiak ere: Protagonistak gaztetxoak dira gehienean, idazkera freskoa dute eta ideia biribil bezain ausartak azaltzen dituzte literaturaren bidez. Abenturak, maitasun istorioak, ur tantaren karira egindako poesiak, gereziondo baten abarora ekarritakoak... Liburu anitza eta atsegina dugu honakoa, irudimena pizten duen horietakoa.