Miguel Sanzen herentzia

Aingeru Epaltza
Josu Santesteban
Zertarako uka, ederki gozatu gara nafar eskuinaren hausturarekin. Bi hilabetez aritu dira elkarri beltzenak erranka, azken 20 urtean gure kontra besoz beso ibili direnak. Deus ezin konpreniturik ibili dira haien boto-emaileak. Ikaragarriak irakurri dituzte behiala lausengatzen eta balakatzen zituzten hedabide madrildarretan. Lur eginik gelditu dira Jimenez de los Santosen edo Pedrojota Ramirezen astakeriak entzunda. Kezkatzeko moduko arrazoiak aurkitu dituzte beren webgune kutunetan: noraino eta UPN bera kutsatzeraino ari direla Foru Erkidegoan sustraitzen euskal abertzaletasunaren desarrazoiak; horra, batzuen iritziz, zer jarri duten agerian Nafarroako gertakariek. Azkenean, koherentzia ezak nahasmendua areagotu du haien artean. Zapateroren aurrekontuak zirela-eta UPN abstenituko zela iragartzean abiatu zen PPrekiko krisia. Hondarrean, ezezko botoa eman die, PPk bezalaxe. “Horretarako hainbertze jira-buelta?” galdezka ari da gure nabarrista ttikia.

Gu, bitartean, ikuskizunari irribarrez begira. Aizu, noizbait etorri behar zen haien txanda. Kaka-nahastea, gainera, geuk piztu dugu. Sanzek berak errana da: Nafarroa Nafarroa Bairen atzapar beldurgarrietatik gerizatu nahian egin ditu egin dituenak. Bularra hanpaturik ibili da azken egunetan nafar abertzalea. Ez du horretarako aukera anitzik izan 2007ko udaz geroztik.

Aitor dezagun: Sanzek ustekabean harrapatu gaitu denak, lagun nahiz etsai. Ez zuen halako lurrikara baten premiarik. Legegintzaldi lasaia bermatzen zion CDNrekiko aliantzak eta batez ere PSNrekiko tratuak. Nafarroa Bairekin eta Ezker Batuarekin koalizioa egiteari uko egin ondoan, sozialistek ez zuten korellarra sobera estutzeko asmorik. Gobernuaren opariaren truke aski zuten hainbat postu, unean uneko argazkia eta aurrekontuetako sail batzuk, “ezkerrerako biraketa” baten irudia emanen zutenak.

Tira, PSNren adiskidantzak marmarika zeukan UPNko sektore eskuindarrena. PPrekiko harremanak ere ez zeuden beren beroenean. Uxue Barkosen itzala mehetu nahian, UPNk protagonismo handiagoa nahi zuen Kongresuko parlamentari talde popularrean. Ez zuen espero bezalako erantzunik izan. Hala ere, inork ez zuen hartu halako ika-mikarako adinako iraintzat.

Bi hilabete hauetan, urrats guztiak Sanzek erabaki ditu. Alderdiko kide gehienek otzan-otzan segitu diote, nahitaez arantzatsu gertatu zaien bidean. Bere jendearen asaldurak prezio merkea dirudi korellarrarendako. Haren estrategia ez da epe motzerako. Barcinari, bere ondorengotzaz landa, etorkizuna segurtaturik utzi nahi bide dio herentzian.

Sanzek poliki ikasi du 2007ko lezioa. Badaki PPrekin uztarturik inoiz ez duela aterako erabateko gehiengoa lortzeko adina boto Foru Parlamentuan. PSNren laguntzak arnasa ematen dio, oraingoz. Etorkizunerako, ordea, ez da deusen bermea. Inork ez daki zer egin dezakeen alderdi sozialistak, haizeak bertze alde batera jotzen duen egunean. Bitartean, adiskide berriari zuku guztia aterako dio Nafarroako lehendakariak. Krisi garaietan erabaki desatseginak hartu behar izaten dira. Lorpenak beretako izanen dira; porrotak PSNren bizkar uzten saiatuko da. Bere eskuin aldetik zama arinduta, bidelagun dituen bertze bi alderdien boto emaileen eremua xurgatzeko esperantza du Sanzek. CDN desagerraraziko luke horrela, eta PSN ahuldu. Halako egoera batean, UPN “zentratuago” batek eta PP berpiztuak izan dezakete, bien artean, orain Sanzek ez duen gehiengoa.

Liberti gaitezen, beraz, ikuskizunarekin, tronpatu gabe, alabaina. Itzulipurdi honen xedea eskuina agintean betikotzeko baldintza hobeak sortzea da, eta gu sekulorun sekulotan kanpoan edukitzea.

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 07a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude