argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko abenduaren 01

Mikel Laboa musikari donostiarra astelehen goizean zendu zen, 74 urte zituela. Azken asteetan makal ibili ondoren, igande gauean Gipuzkoako Poliklinikan ingresatu zuten eta astelehen goizeko 05:30ak aldera hil zen. XX. mendeko euskal kantaririk handienetakoa izan zen Laboa. Esperimentazioa eta euskal kanta maisutasunez uztartu zituen.

 

Esther Ferrer (Donostia, 1937) performer-ak Arte Plastikoen Espainiako Saria irabazi du, “bere ibilbide oparoagatik, egindako lan pedagogikoagatik eta nazioartean duen itzalagatik”. 1970eko hamarkadaz geroztik Parisen bizi da.

 
 

Hortzmuga antzerki taldeak Metro bateko ametsak obra eskainiko du abenduaren 2an, 3an, 4an eta 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian, haur eta gazteei zuzendutako Gabonak egitarauaren baitan. Julen Gabiria idazlearen Metro bateko letrak liburuaren egokitzapena da. Nadia Comaneci gimnasta bezalakoa izan nahi duen Nadia izeneko neskatila errumaniarra da liburuko protagonista.