Arlobiko menhirra Gorbeiako beste erraldoia

  • 4.500 kilo eta ia bost metro luze ditu Arlobiko megalitoak. 2004an aurkitu zuten eta Euskal Herriko handienetakoa da. Egun, errestauraturik, Gorbeiako Parke Naturala zaintzen du Arlobiko lepotik.
Sarria
Historiaurreko aztarnak ez dira falta Gorbeian. Paleolitoko gizakien arrastoak aurkitu izan dira hainbat kobazulotan eta megalitoak ere ugari dira. Hamar bat trikuharri daude inguruan, horietako asko loturik daude artzain saroiekin. Baina hemen ez da ezer apartekorik esan. Gorbeiak aparteko zerbait badu, menhirrak dira.

Iturralde y Suitek 1894an lehen menhirra ikertu zuenetik, hamarnaka gehiago aurkitu dira Euskal Herrian, baina gehienak ekialdeko lurraldeetan pilaturik daude. Horregatik, harrigarria da hainbeste menhir topatzea Gorbeian. Azkena 2004an aurkitu zuten, Arabako partean, Sarrian. Hiru puskatan hondaturik zegoen harritzarra, eta errestauratu ondoren, Arlobiko lepoan jaso dute berriro, aurkitu zuten lekutik metro gutxira.

Paseo ederra eginez irits liteke bertara. Sarriako Parketxeko aparkalekutik pista bat abiatzen da Baias errekari kontra eginez. Bide laua basopean doa gehienean, eta ganaduaren zintzarriek musika atsegina jartzen dute. Hainbat zubi eta etxe pasa ostean Arlobiko zubira iristen da pista, leku horretan batzen da Baiasekin Padrobaso erreka. Gogoratu izen horrekin. Pixka bat aurrerago, mendian gora egiten duen beste bide batek eramaten du zuzenean Arlobiko muinora. Haren atzean dago erraldoi bakartia.

Itzal luzeko monolitoa

Ez zen erraz aurkitzekoa. 2002 urtean, ingurua sasitik garbitu zutenean, harriaren puskak agerian geratu ziren. Inor ez zen ohartu ordea. Bi urte geroago lagun batzuek aurkitu zuten monumentua eta Arabako Arkeologia Museoak ondare arkeologiko izendatu zuen. Parketxera eraman zituzten harri puska guztiak, eta han, burdinazko lau barraz lotu zituzten. Ondoren, zementua eta harearria bota zuten denborak desitxuratutako menhirraren zuloetan.

Behin monumentua osaturik, 54 lagunen artean bere lekura itzuli zuten. Harriaren zati bat hasierako posizioan zegoenez –lurrean erdi sartuta–, menhirraren kokaleku eta norabide zehatza zein zen jakin dute arkeologoek. Horrela, gaur egun duela milaka urte bezalaxe ikus dezakegu; baina operazio horren nahitaezko zauriak –zementuzkoak– ez dizkio likenak estali oraindik.

Errestaurazioaz gain, indusketak ere egin dira Arlobiko lepoan. Suharrizko tresnak aurkitu dira eta harrizko eraikin arraro baten aztarnak ere bai. Eraikin hori enigma da oraindik, indusketa kanpaina berriek esango dute zertarako erabili izan zen antzinean. Jakin, ezer gutxi baitakigu menhirren inguruan. Arlobiko lepotik mandazainen bide zahar bat pasatzen da; leku estrategiko horretatik ikus daitezke, alde batean Baias arana eta bestean Austingarmingo saroia –Oderiaga mendiak (1245 m) babesturik–. Garbi dago menhirra ez zutela kasualitatez jarri: erritoak egiteko tresna ote zen? Muga jartzeko seinalea?
Barandiarani segika

Austingarminera joateak merezi du. Bertan aurkitzen da Gorbeiako beste menhir ezagun bat, Joxe Miel Barandiaranek aski ikertu zuena. Horretarako, Usategieta mendia (1188 m) inguratzea nahikoa da. Artzain txabolak harkaitz artean babesten dira txoko horretan eta haraino ez dira iristen udazkenean basurdetan dabiltzan ehiztarien txistuak.

“1922ko maiatzean Gorbeiako inguru haiek esploratu nituen (...) Espedizioaren amaieran, Austegarmineko (sic) lepotik pasatzen ari ginela, bide bazterrean harlauza handi bat ikusi genuen”. Barandiaranek ikusitako harri handia Austingarmingo menhirra da. Baserritarrek antropologoari esan zioten harlauza beste harri batzuen gainean zegoela lehen eta hogei urte atzera dirua atera zutela hortik: “Inork ez daki nortzuk hartu zuten dirua, ezta nora eraman zuten ere”. Horregatik, Barandiaranek pentsatu zuen trikuharri baten estalkia zela hura eta ez menhirra, gaur egun bistan den bezala.

Itzultzeko bi modu daude: etorritako leku beretik joatea edo Ubegiko iturburura heldu eta gero, Padrobasotik barrena abiatzea. Azkenekoa aukeratuz gero tentuz ibili behar da: Padrobason bidea galdu egiten da eta horrekin batera galtzen da bidaiaria. Abentura maite duenak maitatuko du Padrobaso. Hemen koloreak kolore dira eta kobazuloak lapurzulo. Arlobiko zubia berriz ikustean, gauza bakarra egingo du mendizaleak: arnasa hartu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


Eguneraketa berriak daude