Argiak Interneten izan duen jarduna garai berrietara egokitzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Hasiera batean Argia astekaria zen www.argia.eus webgunean topatu zitekeen ia eduki bakarra, ondoren hari@ buletin elektronikoko albisteak gehitu zitzaizkion eta baita hainbat atal ere: Euskal Herriko Gida, Gure Mendea, Atsotitzak... Interneteko lehen belaunaldiko diseinutik abiatuta, 2005ean CSS estiloetan eta XHTML orrietan oinarritutako egitura eta itxura batekin gorpuztu genuen Interneteko gure aurpegia. Orain, hiru urte beranduago beste aldaketa batzuen beharra ikusi dugu.
Gero eta bideo eta multimedia elementu gehiago sareratzen ditugu eta horiek modu txukun batean topatu eta biltzeko kanala faltan botatzen genuen. Era berean, elementu horiek azalean erakusteko modua berritu behar genuen eta Interneterako espresuki sortzen ditugun edukiei tarte zabalagoa eskaini. Ideia batek bestea ekarri du eta azkenean aste honetan sareratu dugu proiektua: multimedia kanala eta Argia.com-eko azal eta irudi berria, gure eduki guztiez gehiago eta hobeto goza dezazuen.
Multimedia kanala
Bideo, diaporama eta argazki galeria guztiak kanal bakarrean bildu ditugu. Multimedia elementu gehienak berrienetik zaharrenera ordenatuak ikusten dira, gomendatuenak ere proposatzen ditugu eta gure estatistika sistemak jasotzen dituen datuen arabera, ikusienak zein diren kontsultatzeko aukera ere badago.
Bideoen bistaratzea ikusgarriagoa eta erosoagoa izan dadin, player-aren tamaina handitu egin dugu eta multimedia elementu guztiek partekatzeko aukera dute –azalean ikusten diren albiste guztiek bezala–: Zabaldura bidaltzeko aukera dago, Del.icio.us-era eta Bildura gehitzeko, lagun bati bidaltzeko, iruzkina egiteko... Gainera, elementu multimediak elkarren artean erlazionatzeko aukera ere txertatu dugu, gai zehatzen inguruko guztiak modu errazean kontsultatu ahal daitezen.
Multimedia elementuak sartzeko modua zentralizatu eta hobetu egin dugu, katalogazioari garrantzi handia emanez, ikuslearen bilaketak emaitza txukunagoak eman ditzan. Bilaketak elkarrizketatuaren, multimedia elementu motaren, generoaren, egilearen, gaiaren eta dataren arabera egin daitezke.
Edukiak azalean
Hedabide baten helburu nagusietakoa sortzen dituen edukien eta egiten duen lanaren mami handiena azaleratzea da. Gure ahaleginak ere horretara bideratu dira. Horrela, edukiari ahalik eta tarterik handiena eskaintzeko menu horizontalaren egiturara jo dugu; azken bideo, diaporama eta argazki galeriak Multimedia atalean ikusten dira, aldizkariko gai nagusi guztiak ere azalera ekarri ditugu –aldizka aldatzen doaz–; artikulurik irakurrienak zein diren ere ikusten da Irakurrienak atalean eta Argia.com osoan (astekarian, kanaletan, artikuluetan, multimedia elementuetan...) jasotzen ditugun erantzunak azaleratu ditugu. Azaletik mamira iritsiko zaretelakoan gaude.