argia.eus
INPRIMATU
Nire arbasoena ez den hizkuntza hau
Rosa Maria Martin Sabaris 2008ko azaroaren 30
Rosa María Martín Sabarís
Dani Blanco
Nire arbasoena ez den hizkuntza hau maite dut. Nire jaioterriaren hizkuntza delako. Nireak eta bost kostata neureganatu behar izan dudalako, amaren kolkotik urrun. Hizkuntzak eta hitzak maite ditudalako.
 
“Aizu, andrea!”. Txamarra bat, euritako bi, karpeta, kirol-motxila eta afarirako eta biharamuneko erosketak gainean neramatzala entzun nuen oihua. Biratu nintzen: “Aizu, andrea!”. Bai, niri ari zitzaidan. Hogei urte inguruko kankailu bat: “Bai?” erantzun nion eta hurbildu egin zitzaidan handikotea: “Fluping-txetxerrep elizondo…”. Hasi nintzen, bada, hurbil genuen elizaren ondoa seinalatzen, baina berak kasurik ez, han zirauen bere hitzaldia botatzen arnasarik gabe gelditu zen arte. Orduan kokotsa dar-dar zuela konturatu nintzen. Lurrean utzi nuen nire zama: “Ea, mutil, lasai, zein da arazoa?”. Ondoren jasan nuen hitz-uholde hartatik kontroldekalidad eta karpinteriametalika bakarrik ulertu nuen. Kutsidazu herriko biztanle sentitu nintzen neure herrian, Rosa Martín baino, Juan Martin berria.
 
Baina bera zen begiak gori-gori zituena. Luzaroan egon ginen berbetan. Berbetan edo, batuaz ni eta bizkaiera nafartu urduritsuan bera. Horrela jakin nuen Elorriokoa zela, baina sei urte lehenago, ama hil zitzaionean, Elizondora joan zela aita eta amonarekin bizitzera. Trapagaraneko enpresa batetan ziharduela lanbide heziketako praktikak egiten. Eguerdian lantokitik ateratakoan, gerriko poltsa ez zeukala konturatu eta komisaldegira abiatu zen salaketa jartzera.
 
Orduak zeramatzan Barakaldoko kaletarrei arazoa azaldu guran. Etxeraino iristeko metroko biletea eta autobus bi hartu behar zituela, guztira hogeita hiru euro. Egunero etortzen zela eta hurrengo egunean itzuliko zidala. Konponbide erraza zuela iruditu zitzaidan: berrogei euro luzatu nizkion eta paper ziztrin batean mugikorreko zenbakiak trukatu genituen. Pozaren pozaz hartu zuen dirua eta kokotsa behingoz geldituta, nire jatortasuna goraipatu nahi izan zuen: “Laostia da, hau maketoz beteta dau, eske kasuripez, kasuripez ez dostie eiñ. Errespetu pixkat, pixkat xikiera!”
 
Etxera abiatu nintzen eta bide ertzean topatu nituen errumaniarrei ez nien sosik ere eman. Ez dakit zergatik. Igaro dira asteak eta ez dut gazte haren deirik jaso. Zerbait gertatuko zitzaion, seguru, laster deituko dit. Ez dut uste bere berba jan duenik. Euskaraz aritu ginen.