Mihiluzeri esker dagoeneko jakingo duzu nola esaten den leloa Ultzaman eta zer maite duten Pirritx eta Porrotxek pila, pila. Bada, orain erronka gehiagorekin dator jolasaren bigarren bertsioa: nola esaten da beherakoa Baigorrin? Non jaio zen Frida Kahlo artista? Bertsotan fin ibiltzen al zara? Familia eta lagun giroan benetako mihiluzea zarela frogatzeko galdera berriei erantzun beharko diezu.
ARGIA JOLASA-k eta EiTBk elkarlanean ateratako jokoak lehenengo bertsioaren funtzionamendu bera du: Brok kamaleoia dagoen lekuan, partaideek peoi bana jarri beharko dute eta probak gaindituz mihian aurrera egitea izango da helburua, helmugan dagoen zakutxoa –bertan sartu nahi den saria jokalarien esku geratzen da– lortu arte. Azken bertsioak ordea, ibilbideko proba eta galderak aldatu ditu, edukiak gaurkotuz eta berrituz. Esaterako, Potokumeak ataleko bertsoak Zarauzko Lizardi Sariaren historian kantatutakoak dira oraingoan, Zarauzko Turismo Bulegoak utzita.
Bi proba berri
Halaber, telebista saioan bezala, bi atal gehiago ditu mahai-jolasak. Batetik, Bixkor-bixkor desagertu eta horren ordez Erantzuna emanda gehitu zaio. Sei erantzun emanda, galdera bakoitzari dagokion erantzuna asmatzea da xedea, denbora bukatu baino lehen ahalik eta galdera gehien erantzunez –sei galdera gehienez–. Adibidez, Madonna, Shakira, Jennifer Lopez, Rihanna, Kylie Minogue eta Beyonce abeslarien artean, noren izenak adierazten du arabieraz “graziaz betea”? Edota nor jaio zen Barbados uharteetan?
Bestetik, Seikiak izeneko atalean ere sei galdera asmatu behar dira: erantzun guztiek sei hizki dituzte, eta gurutzegrama osatzen dute. Hots, komeni da erantzunak asmatu ahala arkatzarekin idazten joatea, asmatutako hitzen hizkiak lagungarriak baitira hurrengoen osaketan. Zein da neguan beste jantzien gainetik jartzen den jantzia? Eta piraten helburua? Aleazio baten urre proportzioa neurtzeko unitatea? Halako itaunak aurkituko dituzu.
Gainontzeko probak, Potokumeak, Eroglifikoak, Esamesak, Tribuaren berbak eta Zer da zer? ezagunak dituzu jada, aurreko bertsiotik edo telebista saiotik. Sakelako mezuak osatzen, bertsoetako puntuak asmatzen edota hizkuntzarekin jolasten duzun trebezia erakutsi beharko duzu, beste behin.
Brok kamaleoiaren tankerako mihia atera eta ekin hizkuntzari ahalik eta zuku gehien ateratzeari. Zakua zurea izango da!
Fitxa teknikoa
Mahai jolasa: Mihiluze.
Adina: 8 urtetik gora.
Edukia:
Potokumeak (85 txartel)
Seikia (50 txartel)
Eroglifikoak (85 txartel)
Esamesak (85 txartel)
Tribuaren berbak (85 txartel)
Erantzuna emanda (56 txartel)
Zer da zer? (50 txartel)
Prezioa: 35 euro. Argiako harpidedunentzat %15eko deskontua.
Eskaerak: 943 37 15 45; www.argia.eus/mihiluze, denda@argia.eus.