argia.eus
INPRIMATU
Izena eta deiturak
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2013ko maiatzaren 02a
Andoni Mujika
Identitatea elementu askok osatzen dute eta nahiko pertsonala da. Baina guztien artetik bakarra lehenesten da apur bat beti. Lehenengo abertzalea edo ezkerrekoa? Zein da izena eta zein deitura?
 
Historian zehar, sustraiko aldaketak formulatu dituzten pentsaerek ekarri dituzte aurrerabide esanguratsuenak. Komunean izan dutena: aldaketa sakona mahai-gaineratzea, indarrean zegoenari hordagoa jotzea, eta badirudi, musaren une hori oso gustuko dugula. Erlijioak, herri-identitateak eta iraultzak izan dira proposamen horien konkrezioak. Izugarrizko karga identitariodunak hiruak. Hirurek izan dute jendarte zabala abiarazteko adinako bulkada, onerako zein txarrerako. Eta aurrerago, horien bertsio berri eta epelagoek gutxi ekarri izan dute. Nortasun sendoek beste dohain bat ere badaukate; aldi berean dira etorkizunerako ipar eta presenterako jokamolde.
 
Baina batez ere une klabeetan da inportantea identitatearen zerrendaren ordena. Ariketa proposatuko dizut, zeure buruari eta inguruari pasatzeko. Ordena itzazu hitzok batetik hamarrera –ea etorkizuna asmatzen laguntzen dizuten–: ni, aberria, immigrazioa, emakumea, ezkerra, ongizatea, ekologia, planeta, kristautasuna, Athletica.