argia.eus
INPRIMATU
Eguzki jaioberrian adina erritmo, eta ikuspegi zabala
  • Gora Japon ::Gora Japon

    Bidehuts

    iraupena ::22´07´´


Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko azaroaren 30
Azal oso koloretsuko digipackean bilduta dator nonbait Japonia gogoan daukan talde berezi hau, Bilbo aldeko Jon eta Miriamek bestelako kiderik gabe osatzen dutena. Gure artean ezohikoa den formazioa –gitarra eta bateria– hartuta, inkontzienteki White Stripesen erreferentzia etortzen da gogora, baina talde hau ez da horrelakoa. Kantu pare baten Jon Spencer Blues Explosion edota Boss Hogg senitartekoen espiritua gogora ekarri badidate ere –hori bai, gordintasuna kontrolatuta– askoz harago doaz. Erritmo tribalak, ukitu jazzeroak, funkya, Akauzazteren hastapenetako oihartzuna duten tronpeta esperimentalak, post-rock giroak, elektronika, ragga eta reggaetonarekin ausartu dira. Honako lana Bonberenean grabatu dute, Karlos Osinagarekin, hiru egunetan, ia zuzenean.
«Erritmoa asko interesatzen zaigu eta reggaetonak oso erritmo polita du»

“This place is not for me”. Zuen burua hemengo eszenan ez duzue kokatzen?


Ez gara sentitzen hemengo eta inongo eszenatik kanpo. Are gehiago, esaterako, Arto Artian kolektiboarekin harremana dugu, eta talde eta bakarlari elektronikoak, musika esperimentala egiten dutenak eta beste asko daude. Dudarik gabe, Gora Japon da kolektibo horretako talderik komertzialena.

Inprobisazioan sinesten duzue? Eman dituzue inoiz antzeko bi kontzertu?


Egia esanda, nahi baino gutxiago inprobisatzen dugu. Inprobisatzeko, norberarengan eta zurekin inprobisatzen duenarengan konfidantza asko behar da, baita momentuan irteten dena onartzeko gaitasuna ere. Gero, ikusleak ere hor daude: aspertzen ari dira, egiten ari garena ondo dago? Horrekin guztiarekin toreatu behar da. Baina, dudarik gabe, interesatzen zaigun kontua da.

Instrumentu gehienak zuzenean eta toma bakarrean grabatu dituzue. Zenbat eta buelta gehiago eman, hainbat eta txarrago? Freskotasuna ezinbestekoa al da?


Bai, hala egin genuen. Zuzenekoetan eginda genituen abesti gehienak eta hala egin nahi genituen. Batzuetan buelta asko emanda gauzak –eta norbera– apur bat kargatu egiten dira. Guretzat oso garrantzitsuak dira freskotasuna eta lehenengotasunak; berriztatzeak edota aldatzeak leku berriak ezagutzera ematen gaitu.

Giroekin asko jolasten duzue. Giroak gailu izan baino gehiago, askotan helburu dira?


Gure ustez giroak hitzak bezain garrantzitsuak izan daitezke, edo melodiaren adinakoak. Kantu Berbera giro baterantz edo beste baterantz joaten zaigu egunaren arabera.

Askok reggaetona kritikatzen duten honetan, zuek aldarrikatu egiten duzue...


Bai. Erritmoa asko interesatzen zaigu eta reggaetonak oso erritmo polita du. Estiloak nahastea ere gustatzen zaigu eta jende desberdinarekin kolaboratzea. Ez dugu rockeko betiko erritmora mugatu nahi.