argia.eus
INPRIMATU
Giroa erroiztuz gero
Jakoba Errekondo 2008ko azaroaren 30
Aurten Pelestrina sekula ezagutu gabeko urriko hosto gorritzea ikustera eraman duen eguraldiak gobernatu du gorritze horixe bera. Ederra eta eskuzabala doan udazken giroak, jeneralean, goi eta mendietan erakusten ditu Oriako Aginagan omendu berria duten Alejandro Tapia margolariaren paletako kolore biziak. Aurten ondroso hedatu ditu beheko bailaretan barrena, kresalak utzitako gatz pinportekin hostajea errioko ispiluan apaintzen duten basoetaraino.

Erretiroa hartzen ari diren hosto eta orrien ospakizuneko kolore besta eguraldiaren esku dago; tenperaturak behera, eguna moztu eta argia murriztu, neguteari buru egiteko jakien biltegia lepo eta berokien tarratak osatu behar ditu zuhaitzak. Horixe da udazken kolorea. Kolore horien aurtengo aparteko suaren zergatia eguraldiaren aparteko koska izan da; tenperaturak, erroiztu eta bat-batean jauzi galanta egin du, itsumustuan udako giro gozoetatik neguko freskuretara; argiak antzerako beherakada izan du, lipar bakar bateko tarterik gabe egun eguzkitsuetatik euriteetako zeharo goibeletarakoa. Koska honek daramatza koloreak itulan. Tenperatura eta argiaren jaitsiera pixkanakakoa bada, hostoen kolorearen aldaketa ere halakoxea izango da. Jaitsiera hori tupustekoa bada, ezustean harrapatuko ditu zuhaitzak eta denek batera margotu beharko dute paisaia.

Zuhaitz jende batek horia eta laruaren urretik jotzen du. Kolore hori hostoan izaten da urte osoan, berdeak azpian, hankapean harrapatua ordea. Hotzak eta argi-peituak hostoa berdetzen duen klorofilaren ekoizpena eteten duenean aire azalduko dira hori-aireak. Karotenoak dira horiztatze horren arduradunak eta lizar, pago, urki, ezki, makal, zurzuri, astigar gutxi batzuk, gaztainondo, tulipero, sasi-akazia, platano, xarma, hurritz, sahats, zumar, zume, eta abar margotu dituzte.

Beste zuhaitz jende gartsuago batek gorrirako joera du, astigar gehienak, lertxuna, likidanbarra, haritzen aldra (kanduduna eta kandugabea, ametz arrunta eta ilaunduna, nortekoa edo amerikarra, erkametza...), gereziondoa eta sagarrondoa tartean. Karoteno horiztatzailea urte osoan hostoan bada, hostoak gorritzen dituen antozianina udazkenean sortuko du landareak. Antozianina horixe bera da marrubiak, aranak edota sagarrak (Pelestrinaren marrak tartean) gorritzen dituena.