Kresalean hegaldiak

  • Euskal kostaldeak bi munduren arteko muga ezartzen du; gazi eta bustia batetik, idor eta aldakorra bestetik. Gipuzkoako erdi eta ekialdean, denboran galduriko lerroa ezagutzeko aitzakia itsas hegaztiak izan dira oraingoan. Haiek behatzeko lekurik aproposenak lurmuturrak izanik, saltoka ibili gara Hondarribia, Donostia eta Getaria artean.
Kaioak
Gure abiapuntua Hondarribia da. Aisialdirako erabiltzen diren ontzien tartea azken urteotan asko emendatu bada ere, herri arrantzaleen kutsua nabaria da herrian. Arrantzaleen joan-etorrien lekukoa den itsasargia Jaizkibel mendiaren magalean dago, eta haren azpiko aldean gure lehendabiziko geldilekua, Higer lurmuturra. Bertatik GR 11 ibilbidea abiatzen da, Pirinioen hegoaldeko isuritik Gironako (Katalunia) Creus lurmuturreraino doana, alegia. Itsasargiraino heltzeko, herritik abiatzen den errepidea erabili dezakegu.

Behin itsasargian, Higer lurmuturreraino jaisteko hainbat bidexka zabaltzen dira. Ikuspegiak hunkigarriak dira guztiz, itsasoaren indarra bihotzeraino sentitu baitaiteke. Lurmuturra kirtena izaki, itsas hegaztien babesleku bilakatzen da, eta haren inguruak hainbat espezieren bazkaleku. Prismatiko eta gida-liburu soil baten laguntzarekin, gure kostaldean ugarienak diren espezieak ikusi eta identifikatzeko ez dugu inolako arazorik izango. Hala, urtaroaren arabera zanga (Morus bassanus) gazte, heldugabe edo helduak ikusteko aukera izango dugu.

Uliako labarrak

Mendebalderantz jarraituz, hurrengo geltokia topatuko dugu, Ulia mendia. Donostia eta Pasaia arteko inguruak edertasun handia gordetzen du, eta uharte antzeko oasitzat har daiteke. Mendebaldean Donostia, hegoaldean errepide-sareak, ekialdean Pasaia eta iparrean itsasoa. Aukera ugari eskaintzen ditu Ulia mendiak, bai basoan barrena ibilaldi lasaiak egiteko bai itsasertzeko bideak erabilita labarren bortizkeriaz gozatzeko. Itsas hegaztien arrastoaren atzetik gabiltzanez gero, iparreko bideak hautatuko ditugu, eta hala itsaslabarrak nola harriz mugaturiko senaiak bidaide izango ditugu.

Badira bi espezie itxuraz nahiko antzekoak, eta biak bereizteko arreta handia behar da. Biak dira zuri-beltzak eta isats laburrekoak, hego estuak dituzte eta hegaldi azkarrak egiteko gai dira: pottorroa (Alca torda) eta martina (Uria aalge). Uliako leku lasairen batean jarrita, haien mugimendu bitxiek liluratu gaitzaten utz dezakegu, eta gida-liburuaren argibideak jarraituta bi espezie “biki” horien arteko bereizketa egiten saiatu.

Sartalderako bidean, Igeldo-Mendizorrotz mendia atzean utzi ondoren, Orio eta Zarautz zeharkatuko ditugu, Getariara iristeko. Juan Sebastian Elkano marinel handiaren jaioterriko portutik bertatik San Anton lurmuturrerako bidea hartuko dugu. Lurmutur honen itxura berezia izanagatik, Getariako arratoia goitizenez ezaguna da. Kondaira bitxi baten arabera, muinoa Keta izeneko mutiko baten gorputza da. Antza, beragatik borrokatzen zuten emakumeen liskarrak ezin zituen jasan eta zeruari eskatu zion harri bilaka zezan. Esan eta egin. Gerora Ketaren magalean sorturiko herriak Getaria izena hartu zuen. Hau da, Keta-harria. Hori kondaira da noski, ondo jakina baita herriaren izena latinezko cetaria-tik –hala esaten zitzaien erromatarren kontserba fabrikei– datorrela.

San Anton lurmuturra ere nahiko egokia da itsas hegaztien behaketarako. Izan ere, oso metodologia zehatzean oinarritutako behaketak egiten dira hileko lehenengo larunbatetan, hartara aproposak diren zenbait lurmuturretan, eta horietako bat San Anton da, dagoeneko aipatu dugun Higerrekin eta Matxitxakorekin (Bermeo, Bizkaia) batera.

San Antonen, hainbat gabai espezieren (Puffinus mauretanicus, Puffinus puffinus...) hegaldiak erraztasun handiz ikusteko aukera eskaintzen du lekuak. Zortea edukiz gero, ez da zaila hegazti behaketan adituak diren lagunekin topo egitea, bisitari askoz ere zuku gehiago ateraz.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude