argia.eus
INPRIMATU
Eta orain zer?
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 02a
Arabako Foru Aldundiak osatutako batzorde zientifikoak esan du: Veleiako aztarnategian duela bi urte baino gehiago aurkitutako idazkunak ez dira Kristo ondorengo III. edo IV. mendekoak. Zientzialari, hizkuntzalari, arkeologo eta historialariek bat egin dute esateko idazkunok gezurrezkoak direla eta manipulatutakoak. Iritzi horrekin bat egin ez duena Eliseo Gil izan da, batzordeak esanak iritziak direla dio eta ez frogak. Foru Aldundiak Gil buru zuen arkeologo taldeari 2012. urtera arte aztarnategian aritzeko zuen baimena kendu dio.

2006ko ekainean aurkikuntzaren berri ofizialki eman eta urte erdia baino lehen batzordeko kide ziren –eta diren– Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra hizkuntzalariek zalantzak agertu zituzten. Joan Jose Larrea EHUko irakasleak publikoki defendatu zituen biak. Inork gutxik defendatu zituen horien iritziak, publikoki behintzat, baina poliki-poliki aztarnategian aurkitutako gero eta adibide gehiagoren berri eman da komunikabideetan, zalantza indartzen lagundu dutenak. Dela euskarazko hitz harrigarriak III. eta V. mende artekoak izateko (arrapa, arrosa, gorri, urdin...), dela idazki latinoetan garai hartan ezagutzen ez ziren komak eta puntuak... Hedabide batzuetan esan da idazkunak manipulatu dituztenak ez direla oso puntakoak izan, oso aldrebes aritu zirela, sustatu.com-en “Veleiako disparateak” jarri diete akats zerrendari izena.

Orain disparateak baldin badira, gaizki egindako gezurrak baldin badira, zergatik ez dira lehenago argitu zalantzak? Hain agerikoa bada orain, lehen ez? Agian, jakitunek esango dute bi urte hutsaren hurrengo direla horrelako lanetarako, eta arrazoi izango dute, baina herritar xumeari nola esplikatzen diozu aurkikuntza egin eta segituan susmoak izanda bi urte behar izatea dena hankaz gora jartzeko?

Eta manipulazioa izan bada, nork egin du? Noiz? Zergatik? Bi urteko iluna argitzeak bestelako misterioaren aurrean jarri gaitu herritarrak.