argia.eus
INPRIMATU
‘El arreglo vasco (Fueros, constitución y politica en los siglos XIX y XX)’ liburua hizpide
Mikel Asurmendi @masurmendi 2008ko azaroaren 30

El arreglo vasco liburua aurkeztu duzu berriki. Euskal arazoaren konponketa ezinezkoa dela esan ohi duzu, baina arreglo baduela diozu betiere.


Liburuko tesiek edozein prozesurako balio dute Euskal Herrian. Liburua euskal arazoaren sorreraz hasten da eta arreglo batera iristeko bideak azaltzen dira. Egia da, XX. mendean, Canovas del Castilloren garaian eta bigarren akordio saioan, arregloa okerrago irten zela. Gaur egun, beste behin ere, hirugarren arregloaren bila ari gara edo horretan saiatzen ari garela uste dut.

Karlisten eta liberalen arteko lehenengo Ituna, Bergarako Besarkada bezala ezagutua, traiziotzat jo da historian.


Akordioa egin zen momentuan ez zuen inork zalantzan jarri ordea. Zalantza gero sortu zen, karlismoaren korronte batek traiziotzat jo zuelako, gerora nazionalismoak berea egin duena. Hori edozein herritan gertatzen da, historiaren irakurketa bat baino gehiago egiten da, ez bakarra. Nik defendatzen dudan irakurketa minoritarioa da, eragin gutxien izan duena. Nolanahi den ere, historian gertatutakoaz ikuspegi positiboa izan edo negatiboa izan, eta nahiz nirea ikuspegi liberal batetik analizatuta egon, azken batean guztiok bilatzen ari garen helburua berbera da: akordioa.

Espartero liberala eta Maroto karlistaz gain Muñagorri ageri da historian eta liburuan. Zer da bera zuretzat? Zer litzateke gaur egun?


Pertsonalitate interesgarrienetakoa litzateke, inspirazio bezala esan nahi dut. Muñagorrik zioenez, ez karlistek ez liberalek ez zituzten funtsean euskaldunon interesak defendatzen. Hark “ahantz gaitezen banderez une batez eta irits gaitezen gure artean arreglo batera” esan zuen. Berak bakea eta foruak aldarrikatu zituen. Gaur egun, agian “euskaldunon eskubide”ez ariko litzateke.


Bigarren Gerra Karlistan Canovas del Castillo ageri da, baita Santa Cruz apaiza ere. Nor izan liteke gaur egun?


Agian Santa Cruz apaiza ETAko izango zen, baina ez dakit hori ona den ezta ETArentzat ere. Santa Cruz apaiza oso erreakzionarioa izan zen, azkenik Alfonso XIII.ri bere intsumisioa aitortu ziona. Zoritxarrez, gaur egun orduko egoeraren jarraipena dago, jende batek oraindik ere mendira jotzen baitu.

Garai harrez geroztik sortu zen euskal nazionalismoa, Sabino Aranaren eskutik hain zuzen ere. Historian gertatuen ondorioa nolabait.


Niri nazionalismoa ez zait gauza txarra iruditzen, berez. Mundu guztiak dauka nazionalista izateko eskubidea, baina bagaude ere beste asko, konstituzionalistak edo autonomistak izateko edo Espainian bizi izateko eskubidea dugunok. Ondorio da, orain eta orduan, Euskadi erdibituta egotea, garai guztietan hala izan da. Kontua da, historiaren zati bat bakarra erakutsi zaigula.

Aldeek hala esaten dute. Zure ikuspegitik zein alde ez da erakutsi?


Adibidez, mundu guztiak daki nor den Tomas de Zumalakarregi. Baina bera baino inportanteagoa izan zen bere anaia Miguel de Zumalakarregi, Gipuzkoako diputatua, liberala, Cadizko Gorteetako presidentea. Ez dakit ezagutzen duzun... . Inork ez du ezagutzen Miguel de Zumalakarregi nor zen, Tomas anaia oso ezaguna da aldiz.

Cadizko Konstituzioa euskarara itzulia izan zen, apaiz batek egina da eta Miguel de Zumalakarregiri eskainia. Itzultzailea anonimoa da, baina Hernaniko apaiza zen. Arriaga izena zuen [duda egin du izenarekin], ezaguna zen. Muñagorriren kantak apaiza horrek idatzitako bertsoak dira. Apaiza eta liberala zen.

Askotan pentsatzen da hemen mundu guztia karlista zela, eta karlistek ez zuten behin ere hiriburu bat gobernatu. Liberalak aldiz indartsuak ziren. Esaterako, Hernaniri garai batean La Numancia Vasca deitu zitzaion, karlismoari eutsi ziolako. Bilintx bertsolaria karlisten aurkakoa zen, liberala, gerrara bolondres joana. Ematen du “nazionalistak direnak” eta “ez direnak” oraingo gauza dela, baina Euskal Herrian bi pentsaera izan dira beti. Garai batean karlista eta liberalak ziren, euskaldun fededun eta euskaldun errepublikarrak gero, gaur egun independentistak eta autonomistak... Zatiketa hori hor dago, lehen eta orain. Irteera bakarra dago, arregloa eta akordioa.

Los últimos españoles sin patria (y sin libertad) liburuan omen daude biolentziarekin bukatzeko gakoak. Aurreko prozesuaren hasieran berau aipatu zuten hedabideek. Orain El arreglo vasco kaleratu duzu. Prozesu posible bakoitzeko liburu bat idatziko al duzu?


Ez dut horregatik edo horretarako idazten. Dena den, buruan badaukat beste liburu bat. Azken honen segida, modu arinagoan idatzita. Irakurterrazagoa eta alaiagoa izatea espero dut.