Da Iparraldeko hiru probintzietako lehen Bertsulari Xapelketa. Orain azterketa ez dagokie bertsolariei soilik, hauek nahita ere ezingo dute burutik erraz kendu. Baina azterketa zorrotzena, antolatzaile izan den elkarteari tokatzen zaio, bi urte barne egin beharrekoak eskatzen baitu. Euskal Herrikoan parte hartzeko eskubidea irabazi dutenek –Amets, Sustrai, Miren, Maialen eta Odei– badute besteengandik bereizten dituen balio erantsi bat: Garazin eta Iruñean, Donostian eta Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Maulen etxekoak direla. Euskal Herrian, edonon, inork ez ditu ezberdintzat hartuko, euskaraz daramaten munduaz gain, bi erdarena ere bereak baitituzte, inon ere arrotz ez sentitzeko aukera ematen diena. Txikien abantailak, berenaz harago handienena ere beharrezkoa dutenena. Hegoaldean nekez aurkitu daiteke Iparraldekoen erdara bere duen jende multzorik. Dagoeneko, Hegoaldeko euskaldun gazteak erosoago mugituko dira Londresen eta gaelikorik gabeko Belfasten Parisen baino, Euskadi eta Nafarroako Ikastolen estrategiari zor. Madrilen bikain. Eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan eremu nazionalari legokiokeen gairik balego, gorago aipatu bertsolariak nabarmenduko lirateke.