Izenburua ez da demagogikoa. Euskal Herriko enpresetan amiantoarekin lan egin duen hainbat langilek egoera gordin hori bizi du. Batzuk hil egin dira amianto kriminal horrek eragindako minbiziengatik. Azkeneko biak ondokoak dira: Gasteizko Michelinen lan egin eta duela astebete hil den F. J. Martínez (55 urte) eta Julián Herrero (69 urte), Babcock Wilcoxeko fundizioan lan egin eta duela hilabete eta gehiago hil zena. Askok hainbat motatako minbiziak dituzte, eta batik bat pleurakoa. Larriena da biktima gehiago agertuko direla, amiantoarekin harremanetan egon eta urteetara ari baitira agertzen ondorioak. Amiantoa erabili duten enpresek inoiz ez dute esan halakorik egin dutenik, eta arriskuez eta ondorioez ez dute hitz egin. Ez dute prebentzio planik ere antolatu. Gaixotasun profesional izendatzea saihetsi dute horrela eta kalte-ordainak ebitatu dituzte.
Azken aldian sindikatuak kezkatu, eta ikertu egin dute amiantoarekin gertatzen ari dena eta langileak gehiago jabetu dira egoeraz. Hainbat enpresari neurri judizialak ezarri zaizkie amiantotik babesteko ezer ez egiteagatik eta kalte-ordainak lortu dira langileentzat edo senitartekoentzat. Administrazioak eta Lan ikuskapenak beste aldera begiratu dute sarritan. Konpromisoa hartu beharko lukete langileek eta etxekoek zigor bikoitza jasan ez dezaten: osasuna galtzea (batzuetan heriotza) eta kalte-ordainik gabe geratzea amianto hiltzailea ez delako gaixotasun profesional. Duela gutxi sortu den Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak, ASVIAMEk, ikerketa eta salaketa bultzatzen ditu. Babes osoa merezi du.