argia.eus
INPRIMATU
Ahotsenea
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2008ko azaroaren 30
Gotzon Barandiaran
Iñigo Azkona
Xabier Gantzarainek zuzen zioen agerkari honetan egindako oraintsuko elkarrizketan. Durangoko Azoka helduko denean liburu zein diskoen edukiez baino Azokaren izaeraz, eraginaz, merkantilizazioaz egingo dugu berba.
 
Gogoeta horrek dindilizka utzitako hariari tiraka gabiltza aspaldiko urteotan Azokara hurreratzen garen hamaika lagun. Durangoko Azoka salerosketarako gune izatera elbarritu dela, merkantilismo hutsera lerratu delako ez direla sortzaile andana Azokara egun bakarrerako baino ez bada hurreratu ere egiten, espainolezko eskaintza euskarazkoa baino zabalagoa dela, liburu zein diskoen aldean beste edozer salgai dela nagusi, saldu beharraren uztarripean lagun, bestsellerismoaren sindromeak erasanda dagoela gure nobelagintza eta beste hamaika baieztapen irakurri ditugu urteotan eztabaidarako foroetan, paper gainekoetan legez barra ondokoetan.
 
Negarrak ito orduko begiak xukatzeagaz batera, egitasmoa burutzea otu zaigu zoro batzuei: Ahotsenea. Sortzaileen gunea. Lantu, auhen, aieneetarako indarrak berbideraturik, euskaraz idazten eta musika egiten dugunok, liburu eta diskoen industriari bere bidea egitea galarazi barik, Azoka liburuen zein diskoen edukiez berba-trukerako gune ere izatea lortu behar dugula iruditzen zaigu. Euskaraz sortzen dugunok zer, zelan, zeri buruz, zertarako, noiz, norentzat proposatzen dugun konpartitzeko gune baten beharra dugula iruditzen zaigu, stand edo saltokien atzea baino zabalagoa, erosoagoa, erakargarriagoa izango dena.
 
Ostera, berbatrukea ez dugu sortzaileon artera mugatu gura ez bada entzule-irakurleen esan beharrekora. Azokara doanak, liburuak eta diskoak erosteaz gain, liburu eta disko horiek egin dituztenekin harremanetan egoteko abagunea izan beharko luketela uste dugu, sinadura eskatzea baino haragokoa bezain hurbilekoa.
 
Abagunea gaur egun Azoka aterpetzen duen eraikinetik lekora eraiki beharko dugulakoan gaude, salerosketarako darabilgun Landakori belarra hondar bihurtu baitzaio zapaltzearen poderioz.
 
Gure aburuz, euskarazko sortzaileoi dagokigu Azokan gure arranak entzunaraztea, afixatarako ere ikusezin bihurtu gura ez badugu, bederen. www.ahotsenea.net.