argia.eus
INPRIMATU
Udazken-aferak
2008ko azaroaren 23a
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
 
Banekien ez zela betiko, gure artekoa bukatzear zegoela. Eta hala izan da: hiru aste gorabeheratsuen ostean amaitu egin da. Kito. Apurtu egin dugu Patxi Lopezek eta biok. Ez da azken besarkadarik egon. Diskretuki atera naiz bere bizitzatik, atea nire bizkarrean itxiz.

Nire azken ttakunkadan –ez dakit gogoan izango duzuen– Patxi Lopezi Facebook bidez lagun-eskaera egin niola utzi nuen idatzita. Bada, berak onartu zuen nire proposamena –eskerrak, bestela a ze zartada nire auto-estimuaren muinean– eta lagunak egin ginen.
 
Baina gauzak zer diren, hiru asteren bueltan idaztea egokitu zait atzera berriz, eta zer kontatu behar dizuet? Ba ez garela Facebook-lagunak dagoeneko. Azkarrak dira harremanak 2.0aren garaian, dena zaharkituta gelditzen da segituan.
Gureak ez zuen zentzu handirik, egiaz. Nik Join My Cause: Egunkaria libre! mezuak bidaltzen nizkion. Eta berak erantzuten zidan bere elkarrizketa digitalaren zati berria blogean zintzilikatua zuela. Bakoitza bere zilborrari begira. Oso kontzentratuta. Eta horrela, norberaren interesak beste ezeren gainetik jartzen, ez dira harremanak aurrera ateratzen. Ez luzaroan behintzat. Normalean batek men egin behar du bestearen interesen aurrean. Horrela bai, horrela aurrera ateratzen dira lagun-harremanak eta baita matrimonioak ere.
 
Baina guk ez genuen horrelakorik egiteko asmorik.
 
Nire kasuan Patxi Lopezen laguna egin nintzen Patxi Lopezen laguna nintzela idatzi ahal izateko –Vila-Matas imitatzea uzten badidazue–. Patxiren kasuan, berriz, lagun moduan onartu ninduen bere ditxosozko elkarrizketa digitala ahalik eta jende gehienaren artean zabaldu ahal izateko. Marketin birala esaten diote horri. Bada, esaten dizuet, udazkeneko affaire laburra baino ez da izan.

* * *

Baina gehiegi hitz egin dugu Patxi Lopezi buruz hemen. Norbaitek gure obsesioaren irakurketa maltzur bat egin dezake eta ondorio desatseginetara ailegatu. Beraz, nire aldetik, bukatu da Patxi. Agur, Patxi. Izan ondo. Lan handia duzu egiteke. Ez duzu erraz izango, baina, auskalo! Obamarengatik ere nork egiten zuen apustu 2007an?
 
Bada, gainera, hauteskunde kanpaina gertuago bat. Euskal Herriko Unibertsitatean errektore berria aukeratuko da aurki, pasa den maiatzeko porrotaren ostean –badakizue hautagai bakarra utzi zutela bataila-eremuan, Juan Ignacio Perez errektoreak bere buruaren kontra gal zezan–.
 
Oraingoan bi hautagai lehiatuko dira. Iñaki Goirizelaia da aurrez aurre ikusi dudan bakarra, eta aitortu behar dut –liderren erotismoaz ari ginenez azken bolada honetan– arreta deitu didala. Nork esan zuen gizon burusoilak ezin daitezkeela erakargarriak izan? Askok xarma berezia lortzen dute ilea galtzearekin batera. Traje akademikoarekin ikusi nuen gainera, birreta, toga eta parafernalia guztia. Plus bat, dudarik gabe. Duda daukat kolorearekin, ez ote den serioegi, berari, ingeniaria izaki, marroia dagokiolako. Baina kode unibertsitario hauek ezin dira ukitu. Marroi kolorea gorabehera, erakargarria egin zitzaidan errektoregaia. Begi politak eta ezpain mamitsuak. Eta pentsatu nuen: lanaldi partzialean kontratatuta gauden irakasleen soldata lotsagarriak zerbaitetan hobetzeko asmoa agerraraziko balu Goirizelaia honek, orduan bai ezingo niokeela eutsi. Orduan bai ez naizela egiten nire erreakzioaren erantzule.