1. Ahal duzunean, oinez ibili. Horrek bereziki eginen zaitu oinezko hiritar. Edozein kausagatik ezinezkoa balitzaizu, bizikletaz edo garraio publikoan ibil zaitezke –inolaz ere zure auto partikularrean–, oinezkotasuna batez ere jendartean galtzean baitatza.
2. Etxetik atera. Horretarako edozein aitzakia bila ezazu, sinesgarria izan ala ez, baita lanera joatearena ere. Aukeran beste edozein hobetsi.
3. Bide guztiek Erromara daramate. Hortaz, kontu handiz ibil zaitezte, batez ere hiri betierekoa jadanik ezagutzen baduzu, hartu duzun bideak hara ez eramateko. Munduan Erromaz gain badagoelako zer ikusi eder asko.
4. Ibilaldia luzarazi. Bidaia delako inporta duena, eta ez hainbeste iristea. Sexuan gauza bera gertatzen omen da. Paseoa luzatzeko modu anitz daude. Batzuk oso zabalduak, erakusleihoen parean gelditzea, adibidez, barruan dagoena interesatzen zaigula antzeztuz. Antzezpena azken muturrera eramanda, dendaren barrura sartu ere egin gaitezke, eta are bertan zerbait erosi ere. Horrela egiten badugu, poltsek pisatuko digutelako bueltarako bidea luzaraziz. Adinak ematen duen jakinduriarekin ikasiko dituzu ibilaldia luzarazteko modu eraginkor gehiago, ekonomikoagoak, urratsa motelduz, zenbaitetan makila baten laguntzaz.
5. Zapata erosoak jantzi itzazu.
6. Ahalegindu zaitez zure ezagun eta lagunekin kasualitatez topatzen –kaleko egonaldiak luzeagoak izatera lagun zaitzakete lagunek–. Horretarako urteetako elkar ezagutza oso baliagarria izanen zaizu, haiek maiz egoten diren tokietara hurbildu ahal izateko.
7. Maitasunerako leku aproposak bila itzazu. Parkeak oso prestigio handikoak dituzu. Neguan hobe duzu kafetegietan aterbetzea, Kupidok hotzetik hanka egiten duelako, zuk zeuk ere, arku eta geziekin eta erdi biluzik bazenbiltza, eginen zenukeen modura.
8. Izan zaitez garbia eta ongi hezia. Ziudadean zaude, barkamena eska dezakezu, eskerrak eman, pilota umeei itzuli, goraintziak enkomendatu, eta dena lasai asko inork ez baitizu xiudadekeriagatik kargurik hartuko.
9. a) Atera liburu bat zurekin paseatzera, bidera maitasunik agertuko ez balitzaizu, denbora zertan pasa edukitzeko. Topatuko dituzun erdiek liburuaren izenburua daramazun jakin nahiko dutenez, eta zeharka ikustera ahaleginduko, zer daramazun ongi aukeratzen lehia zaitez, ondoko aldagaiak aintzat hartuta: ibiliko duzun auzoa, ordua, unean uneko modak, liburuaren hizkuntza, portada, tamaina, lodiera, autorea.
b) Ez atera libururik. Batere erosoa ez izateaz gain, mundu guztiak pentsatuko du ez duzula benetan irakurtzea maite, itxurati hutsa zarela baizik. Teknologia berriak desprestigiatzeko, pasealdi osoan ipod-a belarrietatik ez kendu.
10. Eraman beti, eguna bero sapak hartuta badago ere, txaketatxo bat, badaezpada, freskatuko balu. Ez balu freskatuko, eta komeni izatera, liburua ezkutatzeko erabil zenezake.
11. Ezertan pentsatzen ez ibiltzea hoberena den arren, zenbait momentutan, aringarri modura, ariketa ezberdinetan entreteni gaitezke, hala nola, arkitekturaren edergarrietan ohartu, beste oinazezkoekin mikromaiteminaldietan erori, ipod-eko abestien letrak murmurikatu. Asperdura eramanezina denean, hausnarketa sakonak edukitzea aholkugarria da, baten batekin topatuz gero norberaren aldetik uxatzeko balia daitekeena.