Rethondes (Frantzia), 1918. Azaroaren 11n, Alemaniako Errepublikako gobernuak armistizioa sinatu zuen. Lehen Mundu Gerra aliatuek irabazi zuten. Eta galdu, batez ere Alemaniak galdu zuen. 1.773.700 soldadu eta 760.000 zibil alemaniar hil ziren gerran, eta bakea iritsita, Alemaniako ekonomia aliatuen kontrolpean zela, krisi politiko eta ekonomiko larria etorri zen. Lehen Mundu Gerraren amaierak Bigarrenerako giro ezin aproposagoa sortu zuen.
Hitlerrek erraz lortu zituen jarraitzaileak, goseak eta haserreak jotako biztanlerian, eta juduen kontrako gorrotoak ere ez zuen oztopo handirik topatu. 1938ko urriaren 28an Alemanian bizi ziren jatorri poloniarreko 20.000 judu bahitu eta deportatu zituzten. Herschel Grynszpan judu alemaniarrak Parisko alemaniar Enbaxadako idazkari Ernst vom Rath-engana jo zuen gertatutakoa salatzera, baina hark jaramonik egin ez ziola-eta, azaroaren 7an Grynszpanek tiro egin zion idazkariari. Vom Rath azaroaren 9ko arratsaldean hil zen.
Alemaniako gobernuak, zehazki bakea sinatu eta hogei urtera, juduen kontrako errebolta martxan jartzeko aitzakia aproposa zeukan. Ekintza espontaneoaren itxura eman nahi izan zioten, baina berehala argi ikusi zen atzean gobernua eta NSDAP (Alderdi Nazional Sozialista) zeudela.
Gau hartan bertan Alemania osoan 1.574 sinagoga, hilerri judutar ugari, 29 biltegi eta 7.000 dendari eraso zieten. Denda horien eskaparate apurtuek eman zioten izena Kristal Hautsien Gauari. 30.000 judutik gora atxilotu eta kontzentrazio esparruetan sartu zituzten. Ez dakigu zehatz zenbat judutar hil zituzten gau hartan, baina kopurua 36 eta 200 artean dago. Aditu askok gau hartako pogroma Holokaustoaren abiapuntutzat jotzen du. Eta aipatu berri ditugun gertakari eta zenbakiak, handik aurrera etorri zen
izugarrikerian lausotu ziren.