argia.eus
INPRIMATU
HipoKrisiari jarriak
  • I

    “Ekonomia irakaslea…
    zuk jakingo duzu noski”...
    “Krisiaz bada, zuek hainbeste”
    nik erantzun serioski.
    Baina ikasleek zerbait gehiago
    merezi dute, ze osti!
    Liburuetan ez datorrena
    kontatuaz nadin busti,
    borboiren batek titulu hura
    kentzeko arrisku ta guzti.


    II

    Burtsa guztiak amildegian
    sartu direla entzunik,
    adituengan dugu esperantza
    ia duten erantzunik.
    Dena da izu, dena da mamu,
    mesfidantza ziurrenik;
    ezkortasuna, shocka, kaosa
    depresioa azkenik…
    erdiarekin psikiatra bati
    dei egingo nioke nik.


    III

    Egia esan, ekonomia
    erotu egin da nabarmen,
    hazkundearen itsasontziak
    izeberga jo ondoren.
    Zera, izeberg baino gehiago
    burbuila handi bat omen.
    Orain hor dira naufrago-gaiak
    zein salbatuko ote den…
    eta ez ume, ez emakume:
    banka-gizonak lehenbailehen!
      

    IV

    Lotsagarriro espekulatzen
    bizi diren estrategak,
    hauen jokoa bada errenta
    huts egin du esaerak.
    Zeintzuk dira, ba, kapitalismo
    basatiaren manerak?
    Pribatizatu irabaziak,
    sozializatu galerak,
    urritasunak beti izan ditzan
    kudeatzaile berberak.


    V

    Oraindik jakin ez duzuenok,
    emadazue baimena,
    noiz ikasiko duzue, bada
    dirua ez dela dena?
    Ez dena dela pobrearentzat
    mundu osoan barrena.
    Aldiz, finantzen piratentzako
    dirua da litekeena:
    tripa ez zaie lehertuko, ez ba
    horixe daukadan pena!


    VI

    Zerbait aldatu beharko dela
    sinetsarazi digute,
    sistema bera izango denik
    inork ez dezala uste.
    Agian Truke Ekonomia
    egokia litzaiguke;
    ikasleekin merkatutxoa
    aisa antolatuko nuke
    eta bertsook zuoi eskaini
    irribarre baten truke.

    Doinua: "Aita izena"
2008ko azaroaren 17a
Iñaki Aurrekoetxea