argia.eus
INPRIMATU
Erregaiak hondakin begetaletatik
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko azaroaren 23a
Virent Energy Systems-eko (Wisconsin, AEB) Randy Cortright-ek eta haren lankideek nekazaritza hondakinetatik ateratako azukrea gasolina, diesel eta hainbat produktu kimiko bihurtzeko bidea asmatu dute.

Hori lortzeko prozesu kimikoa konplexua da, baina labur esanda hauxe gertatzen da: hainbat katalizatzaileren aurrean, azukretan aberatsa den ur-soluzio baten molekula organikoak banatu eta birkonbinatu egiten dira, petroliotik erauzten diren substantzien antzekoak sortuz.

Substantzia horiek biomasaren energiaren %95 bereganatzen dute, baina masaren %40 baino ez, eta horregatik oso erraza da horietatik gasolina mota desberdinak erauztea. Gainera, badago oso faktore garrantzitsua: gasolinen erauzketa egiteko garaian ez da kanpotik hidrogenoa gehitu behar; biomasak duena nahikoa da.

Egia da erregai berri horiek, erretzean, karbono dioxidoa itzuliko dutela atmosferara eta hortaz, berotegi efektua gutxitzen ez dutela gehiegi lagunduko, baina hondakinen birziklapenetatik etorriko direnez, balantze orokorra ez da hain negatiboa izango.